euskal diaspora eta kultura
2010/10/28
PUBLIZITATEA
Lima, Peru. Fauno argitaletxeak plazaratu du 'Francisco Igartua, Oiga y una pasión quijotesca' liburua. Bertan, Peruko idazle eta intelektualen testuek Francisco Igartua Roviraren bizitza eta lanaren soslaia osatzen dute. Igartua Peruko bi aldizkari nabarmenen sortzaile eta zuzendaria izan zen: Oiga eta Caretas.
Kazetaritzaren arloan Paco Igartua izenez zen ezaguna eta euskal komunitateko kide oso aktiboa izan zen. Peruko euskaldunen ordezkari bezala Euskal Gizataldeen zenbait Mundu Batzarretan parte hartu zuen. Aitaren euskal sustraiak Oñatiko Berotegi baserrikoak zeuzkala jakin zuenetik harreman estua izan zuen arbasoen lurrarekin eta urtean behin gutxienez Euskal Herrira bisita egin ohi zuen.
Kazetaritza kritikoa
Bizitza oso mugitua izan zuen, hein handi batean boterearekin kritikoa den kazetaritzarekin engaiamendu profesional eta pertsonala zuelako. Jornada eta La Prensa (1943-1950) egunkarietan hasi zen lanean eta lehen gartzelaratzea orduan jasan zuen jada, gobernuari kritikak egiteagatik.
1948. urtean Oiga aldizkaria sortu zuen, baina aste batzuk baino ez zuen iraun, Manuel A. Odriaren diktaduraren aurka eginiko kritikak zirela medio. Igartua gartzelaratu eta deportatu egin zuten, eta aldizkaria itxi. Igartuak berak ematen du horren berri Jose Mari Velez de Mendizabal-ek Euskonews-erako egin zion elkarrizketa honetan:
"Informazio orokorra eta, batez ere, kritika politikoa egiten genuen. Kartzela saria eman zidaten, eta deportazioa. Panamara bidali ninduten, baina Txilen buruturiko idazleen kongresu batera joan nintzen eta bertan --Curcio Malaparte eta Camilo José Cela tarteko-- perutar gobernuari nire itzulera eskatu zitzaion. Bi idazlek lagundu zidaten Limaraino eta 'El Comercio' egunkarian errefuxiatu nintzen, Perun geratzeko baimena eman zidaten arte".
Erbesteratzea Mexikon
Perura bueltatu zenean Caretas aldizkaria sortu zuen, Doris Gibson-ekin batera. 1963. urtean Oiga plazaratu zuen berriz eta Peruko aldizkari politiko nagusia bihurtu zen. Etapa berri honetan ere gobernuaren presioa jasan zuen aldizkariak eta 1968an hilabete batzuk itxita egon zen.
Juan Velasco Alvarado generalak boterea hartu zuenean Oiga-k bere erreformen alde egin zuen, baina aurrerago Igartuak estatuak egunkariak hartu zituelako protesta egin zuen eta Mexikora erbesteratu zuten. Bertan Mexikoko euskaldunekin harreman estua izan zuen eta Cadena Sol egunkariko igandeko gehigarriaren zuzendaria izan zen.
Amore eman ez izanaren poza
1978an Perura itzuli zenean berriz ere martxan jarri zuen Oiga, eta aldizkariak bere horretan jarraitu zuen, Belaunde, Alan Garcia eta Alberto Fujimoriren gobernuekin kritiko. Fujimoriren lehen urteen ostean baina, honek prentsaren aurka egin zuen presio politiko eta ekonomikoaren eraginez, aldizkariak itxi egin behar izan zuen. 1995ean atera zen azken alea. 'Agur, amore eman ez izanaren pozarekin' izenburua zuen.
"Bai, lanbideak disgustuak ekarri dizkit", onartzen zuen Igartuak Euskonews-eko elkarrizketan, "baina digustuak atsegintasun bilakatu dira beti. Nik nire buruarekin eta inguratzen ninduen giroarekin zintzo jokatu nuelako zigortu naute. Eta horrek, nola ez!, ohorea adierazten du. Nire ibilbidean oker ez ibiltzeak errekonozimenduak ere ahalbidetu dizkit". Igartuak Limako Domina eta Txileko gobernuaren Gabriela Mistral Ordena jaso zituen, besteak beste, bere kazetari lana sarituz. Gabriela Mistral Ordena 1991an eman zioten, baina ezin izan zioten ezarri Fujimorik boterean izan zen bitartean eta 2001ean ezarri zioten Txileko Enbaxadan.
Igartua 2004ko martxoaren 24ean hil zen Liman.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus