Montevideo, Uruguai. Biharko egunez, ekainaren 29an, ohi duenez, Montevideoko Euskaro Euskal Etxeak bere sorreraren urteurren berri bat ospatuko du, 112.a. Karia horretara bertako agintari, kide eta lagunak Prof. Carlos Bacigalupi 2219ko euren egoitzan bilduko dira, hitzaldi bat entzun eta ondoren topa egiteko elkartearen etorkizunaren alde. Aurreagoko euskal etxerik egon bazen ere Uruguain (1876ko Laurak Bat eta beste batzuk) egun herrialdeko euskal etxe aktibo zaharrena da Euskaro, bigarrena Euskal Erria izanik (1912).
Arratsaldeko 7etan hasiko da"Euskal Foruak” izeneko hitzaldia, Errepublikako Unibertsitateko katedradun eta Euskaroko kide den Daoiz Gerardo Uriarte Araujoren eskutik. Hitzaldiaren ostean, Euskal Etxeko lehendakari Silvia Ortone Enderiz-ek hitz batzuk esango dizkie bertaratutakoei eta Euskaroren bazkide sortzaileen eta etorkizunaren omenez kopak altxatzera gonbidatuko ditu. Data hauetan ere ohi bezala, elkarteak urtero antolatzen dituen Sanferminetarako eta San Ignazio jaietarako gonbitea egingo du.
Deia parte hartzera
Silvia Ortone Enderiz pozik agertu zaio EuskalKultura.eus-i bihar ospatuko duten urteurrenaren aurrean. “Beti da erronka gure kultura jende gehiagorengana eramatea, baina gazte batzuk sartu zaizkigu zuzendaritza batzordean eta horri, eta menperatzen dituzten teknologia berriei esker apurka jende gehiago ari zaigu hurbiltzen. Plazer bat izango da bihar gure egoitzara gurekin ospatzera hurbil daitezkeen guztiei harrera egitea”, aurreratu du Euskaro Euskal Etxeko lehendakariak.
Zorionak Euskaroko lagunak!