euskal diaspora eta kultura
2010/11/09
PUBLIZITATEA
Iruñea-Pamplona. Nafarroako Gobernuak, atzoko saioan, Nafarroako Karlos III.a Prestuaren Gurutzea Agustin Otondo Dufurrena Txileko Nafar Etxearen bazkide fundatzaileari eta lehenengo presidenteari emateko foru dekretua onetsi zuen. Saria 1997an sortu zen Nafarroako aurrerapenari beren jardunari dagokion esparrutik lagundu dioten edo Foru Komunitatea bere mugetatik landa erakutsi duten pertsona eta erakundeen merezimenduak nabarmentzeko asmoz.
Saria sortzeko foru-dekretuaren arabera, sariak Karlos III.a Prestuaren izena du, "errege hori biziki nabarmendu baitzen Nafarroako errege-erreginen artean, bere izaera bakezale eta adiskidetzaileagatik, kulturaren eta artearen aldeko ekinbideengatik eta Europako gainerako gorteekin ezarri zituen harreman baketsu eta laguntasunezkoengatik".
Gogoan izan behar da Nafarroako Gobernuak 2010ean izen bereko beste sei sari eman dituela eta sariok udan eman zituela. Saritutako pertsonak eta entitateak hauek izan dira: Tuterako Orden del Volatin; Arkupeak Jubilatuen Elkartea; Juan Antonio Sagardoy Bengoechea Lan Zuzenbideko katedraduna; Rosa Mary Ibáñez Zapatero Espainiako Nafar Etxeen Federazio Nazionaleko presidentea; Maria Angeles Mezquiriz Irujo arkeologoa; eta "Les Amis de la Vieille Navarre" elkartea (Nafarroa Zaharraren lagunak), Donibane Garazikoa.
Biografia
Agustin Otondo Dufurrena Baztango Erratzu herrian jaio zen 1934ko uztailaren 28an. 1949. urteko lehen hilabeteetan Txilera emigratu zuen, eta herrialde horretan, hasiera-hasieratik, hainbat ogibidetan lan egin zuen okintza sektorean, eta industriaburu izatera iritsi zen. Francisco anaiarekin batera, Bonmesón okindegiak, gozotegiak eta botila-fabrikak ditu, Santiagon kokatuta. Era berean, Estadio Español de Las Condes SA higiezinen sozietateko zuzendaritzakoa da.
Jardunean eta zerbitzu publikoan aritzeko bere gogoa dela eta, kontseilaria (zinegotzia) izan da Santiago hiriburuko Consejo de Desarrollo Comunal de la zona de Las Condes izenekoan. Horrez gain, O’Higgins Probintziako Adiskidetze eta Arbitraje Batzordeko kidea izan zen, enpresaburuak ordezkatuz.
Beste kargu hauek ere izan ditu: Quillota Departamentuko Okindegien Jabeen Sikatuaren bazkide fundatzailea, O’Higgins eta Colchagua probintzietako Okindegien Jabeen Sindikatuko presidentea, Industria Okinen Txileko Federazioaren zuzendaria, Merkataritza Establezimenduen Jabeen Elkarteko zuzendaria (Sideco Oriente), Alonso de Ercilla Txiletar-Euskal Institutuaren bazkide fundatzailea, Euskal Jatorriko Profesionalen Elkarteko bazkide fundatzailea eta zuzendaria, Quillotako Espainiar Zentroaren bazkide fundatzailea, Txileko Espainiar Erakundeen Elkarteko idazkariordea eta zuzendaria eta Txileko espainiar egoiliarren Kontseiluko zuzendari ordezkoa. Agustín Otondo Dufurrena, gainera, erakunde hauetako bazkidea da: Las Condes Kultura Institutua; Las Condes Espainiar Estadioa; Santiagoko Espainiar Zirkulua; eta Txileko Ikerketa Genealogikoen Institutuko kide urgazlea eta diruzaina eta Txileko Espainiar Emigrazioaren Artxibo Nagusiko zuzendaria.
Agustin Otondo Txileko Nafar Etxearen presidenteordea da gaur egun. Patricio Legarraga Raddatzekin batera, Emigración a Chile del Valle de Baztan (Navarra) en el siglo XX liburua idatzi du. Lana Nafarroako Gobernuak argitaratu du eta horren gaineko laburpena Revista de Estudios Históricos en Chile aldizkarian agertu zen. Beste liburu batzuk argitaratu ditu, batzuk Nafarroan eta beste batzuk Txilen, hala nola Diccionario Histórico Biográfico del Valle de Baztan (Navarra); Genealogía, Hidalguía y Blasones de la Familia Otondo, originaria del valle de Baztan (Navarra); Apellidos de Navarra y sus Blasones Familiares; eta Fichas de la Emigración a Chile de Navarra y Euskadi. Nafarroako Gobernuak laster Navarra y la emigración a Chile: genealogía y armas azterlana argitaratuko du. Eta Txilen kokatutako familien armei eta ildo garaikideei buruz aztertzen jarraitzen du, Blasonario de la Consanguinidad Ibérica y Heraldario Español, Europeo y Americano lana osatzeko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus