Urtarrilaren 13an jokatu zuen Juan Mari Fundazuri zesta-punta jokalariak azken norgehiagoka profesionala eta, gutxira, UAW-IJAPA pilotarien sindikatuko ordezkaritza lana ere utzi du. EuskalKultura.com-i esan dion legetxe, “oraindino ez dabe sindikatuan inor jarri baina laster egingo dabela uste dot”. Sentimendu nahasiak ditu bizkaitarrak egoera berriarekiko, baina present du erabat kirolak Floridan bizi duen egoera, nahiz eta estatuko Parlamentuak atzeratu egin duen, berriro ere, makina txanpon-jaleak frontoietan jarri ahal izatearen inguruko eztabaida. Horixe dute oraingo partidarik garrantzitsuena.
Miami, AEB. Ordezkari berria topatu beharko du UAW-IJAPA sindikatuak, Juan Mari Fundazurik lana uztea erabaki du eta. Iazko urtarrilean hartu zuen ardura eta, urtebete gerora, laga egin du, aurtengo urtarrilaren 13an azken partida profesionala jokatu eta gero. Miami Jai Alain zelairatu zen azkenekoz, Arrasate zuela bikote, Areitiok eta Aldazabalek bereganatu zuten hamargarren txandan.
Markinan jaio zen Fundazuri, 1975ean, baina Durangon hazi zen harik eta, 22 urte zituela, AEBetara etortzea erabaki zuen arte. 1997. urtean izan zen hori. Orain, ia hamarkada bi pasata, esan du “frontoietako anbientea” botatzen duela faltan, “eta kiroleko pike onak”. Baina pozik dago ere gorputza “hobeto, min barik” duelako.
'Makina txanpon-jaleen afera', geldi
Sindikatuko ordezkaria izaten jarraitzen ez duen arren, kirolariek bozemaile bat izatearen garrantziaz jakitun da eta, ordezkari berria izan arte, komunikabideekin berba egiteko prest agertu da kirolaria. Floridako Parlamentuan eztabaidatu duten azken lege aldaketen artean, frontoien jabe diren Paramutualak lortu nahi izan dutena legedi malguagoa izan da. Alegia, frontoiak (bai eta txakur eta zaldi lasterketak) mantentzeko egungo obligazioa gainetik kendu, ahalik eta makina txanpon-jale gehien jartzeko, finean Jai-Alaiarekiko obligaziorik gabe kasinoak mugarik gabe handitu ahal izateko. Eta nahiz eta txakurren lasterketei kalte egingo dien hainbat arau pasatu, frontoien inguruko eztabaida atzeratu egin dute, beste behin, udazkenera arte, seguruenik. Zuri-ren hitzetan, “arnasaldia” eman die Jose Felix Diaz senatariak eta bere lobiak egin duten “lan onak”.