euskal diaspora eta kultura
2010/07/19
PUBLIZITATEA
Trinidad, Uruguai. Deialdia euskal jatorridun talde batek egina du, bertako Ecos Regionales egunkariak jaso duen prentsaurre batean, asmoen xehetasunak azalduz, tartean Floresko Euskal Etxea berreskuratu eta berrabiatzeko urratsez urrats eman behar diren pausoak.
Celia Bessonart irakasleak, Euskal Etxea birsortzeko taldeko beste zenbait kide lagun, azaldu zuen birsortze bat dela, Flores-eko Euskal Etxea 1991eko irailaren 7an sortu baitzen, hainbat jende bildu zuen biltzar batean, eta bere ekimenak bertan behera gelditu diren epe bat izan ondoren, hauek berreskuratu eta indar eta asmo eraberrituz nahi baitira atxiki, hau guztia Uruguai osoan proportzioan euskal jatorridunik gehien biltzen duen departamenduan.
Biltzar berri baterako deia egin da gaur astelehenerako, bertan estatutuak irakurri eta Zuzendaritza Batzorde berri bat hautatuko direlarik, izan ere bidean barrena abiatu eta, hasteko, nortasun juridikoa eskura dezan, horrek ahalbideratuko baitio bigarren urrats batean Eusko Jaurlaritzaren aldetik onarpen ofiziala eskuratzeko aukera administrazio haren aldetik eta, beraz, munduko euskal etxeen sarean sartu eta gainerako euskal etxeen parean lan egiteko parada, eskubideak eta betebehar beretsuekin.
Esku artean dauden ekimenen artean, kultura, gastronomia, kirol eta ekonomia arloetan aurrerapenak egiteko egiten ari diren ahaleginen berri eman zen, hemengo euskal etxea herrialdean eta inguru zabalean ari diren gainerako euskal etxeekin harremanetan lan egin dezan.
Besteak beste, Mendeurrenaren Parkeko pilotalekua berreskuratu eta aktibotasunean pausoan eman ditzan egiten ari den ahaleginaren berri ere eman zen, horretarako kantxari itxitura bat eman eta egokitze lanei ekitea beharrezkoa ikusten delarik, kultur ekitaldietan eta bestelakoetan ere egokiro erabili ahal izan dadin.
Horretarako Euskal Pilota Nazioarteko Federazioaren diru sostengua bilduko litzateke, baita ere Turismo eta Kirol Ministeritzatik eta Departamenduko Gobernutik.
Azaldu zenez, asmoa, Departamenduko Gobernuaren (Intendentzia) lankidetza eskuratuta, Mendeurren Parkeko egitura berritua Floresko Euskal Etxeak kudeatzea da, elkarte berrabiatuaren egoitza bihurtuz.
Honetarako urratsez urrats behar da jokatu, eta horietako lehena gaur astelehenean deitua den biltzarrean emango dena izango da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus