Euskal Herriko musika tresnen inguruko hainbat jarduera baitaratu ditu FIVUren 2017ko Udalekuren edizioak, 35 lagun partaide, Canelones departamentuko itsasaldean. Musika tailer horien emaile, aurtengo Gaztemundu programan partaide izan den Agustin Trigo Sarraute izan da, Haize Hegoako kide berau. Canelonesko La Tuna hondartzan egindako asteburupasak euskaran murgiltzeko ere balio izan die bertaratutako haur eta heldu euskal-uruguaitarrei.
Montevideo, Uruguai. Euskal Herrian egiten diren umeentzako udako kanpamentuak eredu hartuz, Udaleku ekitaldia antolatzen du urtero FIVU Uruguaiko Euskal Etxeen Federazioak, Hego Amerikako udaberri aldera. Aurtengo edizioa urriaren 13tik 15era izan zen, Canelones departamentuko La Tuna hondartzako ‘Villa Bautista’ kanpalekuan, eta 5 eta 17 urte arteko txiki eta nerabeak izan ditu ohi bezala helburu.
Aurtengo ekitaldiak nobedade interesgarri eta polita izan du: euskal musika tresna tradizionalak hautatu ditu ekimeneko eskaintza nagusi legez; izan ere tailer horiek emateko arduradun egokia topatu baitu, Agustin Trigo Sarraute musikaria, pasa den irailean Eusko Jaurlaritzak Gasteizen antolatutako Gaztemundu 2017an Haize Hegoako ordezkari joan zena, hain zuzen ere euskal instrumentu tradizionalak ardatz izan dituen edizioan. Bere eskutik, tresnen historia, ezaugarriak eta nola jo ikasi zuten gazteek.
Leku nabaria izan zuen euskarak ere asteburuan, Andrea Bella irakasleak proposatutako jolas, kantu eta ipuinak medio. FIVUko lehendakari Enrique Poittevin Gilmet-ek EuskalKultura.com-i iritzi dionez, “oso garrantzitsua da era ludiko batean euskal kulturara hurbiltzea. Eta bestalde, oso onak dira hau bezalako aukerak elkar ezagutzeko eta taldea indartzeko”, adierazi du.
Guztira 35 lagun bildu ditu 2017ko Udalekuan, tartean Montevideoko Haize Hegoa eta Carmeloko Ibai Ondoko Etxea euskal etxeetako kideak, eta baita San Jose eta Montevideoko euskara ikasleen seme-alaba eta ilobak ere. “Urtero bezala", jarraitzen du FIVUko lehendakariak, "laburra egin zitzaigun asteburua. Baina ‘agur’ esateko momentuan hitza eman genuen datorren urtean berriro elkartzeko”.