San José, Uruguai. Uruguaiko Euskal Etxeetako zuzendariak laugarrenez elkartu dira esperientziak trukatzeko eta bertako euskal komunitateko erakundeen zuzendaritzan trebatzeko. San Joseko Euskaldunak Taldea elkarteak egin zuen topaketaren anfitrioi lana, eta Carmeloko Ibai Ondoko Euskal Etxeko, Montevideoko Haize Hegoako eta Ibai Ondoko Etxeko ordezkariak San Jose de Mayo hirira bertaratu ziren ekitaldian parte hartzeko. Zuzendarien lehen Udalekua 2018an egin zen Uruguain, eta oso arrakastatsua izan zen eta, beraz, ordutik urtero egin da, pandemiaren urteetan izan ezik.
Antolatzaileek EuskalKultura.eus-i adierazi diotenez, urriko azkeneko asteburuan egin den topaketa "oso emankorra" izan da. FIVUko presidente Juan Pedro Arinek euskal diasporaren historiaren berri eman zuen, Uruguaiko euskal etxeen historiari buruzko solasaldi bat eskainirik eta 19. mendetik, Federazioa sortu zen arteko epea jorratuz. Mariel Fernández Artasánchezen eta Lucía Goñiren eskutik, euskal etxeetako gai administratibo eta euskaletxeak.eus plataformaren erabilera landu zituzten.
Euskararen Nazioarteko Eguna Uruguain, FIVUk antolatuta
Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizuneko postalak Uruguaiko Haize Hegoan
Bestalde, Uruguaiko euskaltzaleek Euskararen Eguna ospatu zuten abenduaren 3an, Haize Hegoa elkartearen egoitzan egin zen ekitaldi batekin. Ikasle taldeen argazkien eta euskararekin lotutako ekitaldien erakusketa batek, Asteburu pasa edo Euskararen Eguneko aurreko edizioetako irudiekin, hormak apaindu eta jaiari esparru ezin hobea eman zion.
Montevideoko Centro Euskaroko eta Haize Hegoako, Carmeloko Ibai Ondoko Etxeko eta San Joseko Euskaldunak Taldeko euskara ikasleek, zenbait FIVUko zuzendarirekin batera, collageak burutu a eta jokoak partekatu zituzten, eta bazkalorduan, paella ikusgarri batek bertaratutakoen miresmena, eta gosea, piztu zuen. Bazkalosteko abestien ondoren, dantzaz eta lagunarteko dibertimenduaz gozatu zuten ilunabarrera arte.