Montevideo, Uruguai. Urteurren eguna berez irailaren 16a bazen ere, ospakizuna azaroaren 18ra ekartzea erabaki zuten uruguaitarrek gonbidatuetako batzuk bertan egon ahal zitezen, hala nola , Euskal Herritik etorria, Gorka Alvarez Aranburu. Gogora dezagun Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak Euskal Aste Argentinarrean parte hartzeko bisitatu zuela Hego Amerika azaroan eta bere bidaian gizatalde argentinarrarekin ez ezik, Uruguaiko eta Txileko euskal komunitateekin ere elkartu zela.
Bazkari eta ekitaldia FIVUko bazkide den Montevideoko Euskaro Euskal Etxearen egoitzan egin zen. Ohorezko aurreskua, Montevideoko Eusko Indarra Dantza Taldeko Julio Lopez eta Karina Fernández Artasánchez dantzariek dantzatu zieten bildutakoei. Ondoren, hogei urte hauetan lortutakoaz mintzatu zen federazioko lehendakaria den Enrique Poittevin Gilmet montevideotarra.
Bere hitzetan, FIVUko buruak euskal kultura eta euskara zabaltzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen: “Joan den mende amaieran, Uruguain sortutako euskal etxeak entitate bakar batean batzeko asmoarekin jaio zen FIVU, 1996an. Eta horrekin batera, gure arbasoek lur honetara ekarri zuten kultura hori ezagutarazi, mantendu eta zabaltzeko xedearekin”.
“Orduan eta orain, euskal etxeek proposatzen dituzten ekintzei babesa ematea da gure lehentasuna; eta amankomuneko guneak sortzea, Euskal Herriko historia, folklorea, erlijioa, mitologia, sinesmenak eta kultura oro har gordetzea eta Euskal Herriarekin loturak indartzea. Hori Uruguai gure herriari bizkarra batere eman gabe, gure herri honen sorreran ere, euskaldunen eragina baitago. Duela hogei urte hartutako bideak merezi duelakoan, gure estatutuan adostu genuena betetzeko gehiago ahaleginduko gara”, berretsi zuen Poittevin Gilmet-ek.
Euskal Herritik etorritako Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranbururekin batera, Sara Pagola Euskadiko Mercosurrerako ordezkaria ere bertaratu zen, Buenos Airestik, ospakizunean parte hartzera. Gonbidatuen artean, Gure Esku Dago mugimenduaren erreferente den Angel Oiarbide ere izan zen urteurren bazkarian.
FIVU gaur
Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioa bada ere, badago Uruguain federazioan ez dagoen euskal etxerik. Arrazoiak konplexuak eta mota askotakoak direla esaten digu Enrique Poittevin-ek. “Gaur egun FIVUren barruan ez dauden euskal etxeak ez daude, sekula egon nahi izan ez dutelako; hau da, FIVU sortu genuenean baldintza jakin batzuk jarri nahi izan zituzten parte hartzeko, eta ez sartzea erabaki zuten. Honekin esan nahi dudana da FIVUren gaur egungo egora eta erronkak betikoak direla. Helburuak argi dauzkagu eta gogor egiten dugu lan, ilusioz eta musutruke euskal kultura eta izaera sustatu eta finkotzen".
"Abiada onean doazen euskal etxe batzuekin batera, beste elkarte batzuek ez daukate aktibitate handirik eta nahiz eta gure babesa eman ez da erraza berriro martxan jartzea. Federazio gisa, gure lehentasuna euskal etxe txikienak dira; are gehiago, euskal etxerik ez duten herrietan ere egon nahi dugu, euskal kultura ezagutu nahi duen jendearen alde. Adibidez, Flores eta Minas herrietako jendeak gonbidatu izan gaitu beraien ekitaldietara. Baina badaude beste euskal etxe batzuk, aktiboak direnak, geure barruan ez daudenak… 20. urteurreneko jairako Uruguaiko euskal etxe guztiei zuzendu genien gonbitea, baina bazkideak direnak baino ez dira etorri”, agertzen du Poittevinek.
Enrique Poittevinek argitu duenez, etxe hauek dira FIVU federazioko bazkide: Carmeloko Ibai Ondoko Etxea, Rosarioko Gure Etxea, Duraznoko Euskal Etxea (jarduera gutxikoa), San Joseko ‘San Joseko Euskaldunak Taldea’, Montevideoko Euskarok eta Montevideoko Haize Hegoa.
FIVUren Facebook-en kontua: FIVU Federación de Instituciones Vascas del Uruguay