euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Film Laburren IV. Zirkuitua euskal etxeei esker zabalduko da mundura; estreinaldia bihar Erroman

2009/03/04

Film Laburren VI. Zirkuituaren afitxa
Film Laburren VI. Zirkuituaren afitxa

PUBLIZITATEA

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatzen duen Film Laburren Zirkuituak Euskal Herriko kultur-etxe eta elkarteetara eramaten du urtero euskarazko laburmetraien selekzio bat. Aurten, lehen aldiz, zirkuituak nazioartera jauzi egingo du, Erroma, Paris, Bartzelona, Shanghai eta Londreseko euskal etxeei esker. 'Iaz Erromako Euskal Etxetik parte hartzea eskatu ziguten, baina egitaraua itxita zegoen jada', azaltzen du Topaguneko Manuel Morenok. Aurten bost euskal etxe hauek ahalegin handia egin dute eta Txinan, adibidez, filmak lau hizkuntzatan azpititulatu dituzte ikuslego zabal batengana hel daitezen.

Bilbao, Bizkaia. Topaguneak bihar estreinatuko du nazioartean, Erroman, bere Film Laburren Zirkuituaren VI. edizioa. Zirkuitu honekin Topaguneak euskarazko laburmetraien azken uzta ezagutarazi nahi du, aldi berean zirkuituak bisitatzen dituen herrietako kultur eskaintza aberastuz. Aurreko edizioetan zirkuitua Euskal Herri geografikoko herrietara mugatzen zen, baina aurten, Diasporako eskariari erantzunez, Erroman, Parisen, Londresen, Bartzelonan eta Shanghai-n ere izango da ikusgai, bertako euskal etxeen eskutik.

Erromako emanaldia bihar bertan izango da, italierazko azpitituluekin, Associazione Culturale Euskarak antolatuta. Larunbatean Bartzelonara helduko da, bertako Euskal Etxeari esker eta 20ean Parisen izango da ikusgai, bertako Eskual Etxea eta Sustraiak-Erroak euskara elkarteak antolatuta. Martxoaren 21ean Shanghaiko zine areto batean egingo da emanaldia, Euskal Etxearen eskutik. Bertan filmeak lau hizkuntzatan azpititulatuko dituzte, eta bi emanaldi egingo dira: bat, 17:30tan, txinatar ordutegian, eta bigarrena 19:30tan. Azkenik apirilaren 3an filmak Londresen izango dira ikusgai, London Basque Society elkarteari esker.

Zortzi film labur ordubetean 

Emanaldi bakoitzean 2007-2008an eginiko zortzi euskarazko laburmetraia eskainiko dituzte. 'Laburmetraia hauek biltzeko Lekeitioko Bideo Bileran, Zinebin edo Kimuak-en euskaraz egiten direnen bila aritzen gara', azaldu dio EuskalKultura.com-i Manuel Morenok. Zirkuituak urtetik urtera zale gehiago biltzen ditu eta aurten 47 emanaldi egingo dira 45 herritan. Horietako askotan, txikiak izanik, zinea herrian bertan ikusteko aukerak urriak izaten dira.

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 88 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.

Zirkuituari buruzko informazio osoa, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia