euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Filipinar presidente Gloria Macapagal Ordizian izango da datorren astean, Urdaneta Urtearen irekiera ekitaldian

2007/11/27

Gloria Macapagal Arroyo filipinar lehendakaria abenduaren 5ean iritsiko da Euskal Herrira
Gloria Macapagal Arroyo filipinar lehendakaria abenduaren 5ean iritsiko da Euskal Herrira

PUBLIZITATEA

Maila goreneko bisita izango da datorren asteko astelehenean Gloria Macapagal-Arroyo filipinar presidenteak Ordiziara egingo duena. Arrazoia, Andres de Urdaneta itsasgizon eta bidaiari ordiziarraren jaiotzaren 5. mendeurrena. Urdanetak Filipinetatik Mexikora bueltatzeko itsasbide azkarrena aurkitu zuen, 250 urtez merkataritza bide zinez garrantzitsua izan zena. Ibarretxe lehendakariak Ajuria Enean hartuko du Macapagal presidentea, agintari filipinarrak Euskal Herrira egingo duen lehen bidaia honetan, ondoren Ordiziara elkarrekin biltzeko, hasiera ematearren Urdaneta Urteko ekitaldiei.
Datorren asteko asteazkenean, abenduaren 5ean, Ordiziak ofizialki irekiko du Urdaneta Urtea, fray Andres de Urdaneta itsasgizon, erlojioso eta bidaiariaren jaiotzaren 500 mendeurrena dela eta antolatuta. Urdanetak 'Tornaviaje' izeneko itsasbidea ireki zuen, Manilatik (Filipinak) Acapulcora (Mexiko) bidaiatzeko biderik azkarrena eta, izan ere, 250 urtetan bi herrialdeetako ekonomiari berebiziko bultzada eman ziona. Euskal Herrian Urdanetaren aurkikuntza horren garrantzia ezezagunagoa bada ere, Filipinar irletan entzute handiko pertsonaia da ordiziarra. Horren erakusgarri da filipinar agintari gorenak Euskal Herrira egingo duen bidaia, Urdaneta Urtearen irekiera ekitaldian parte hartzeko.

Filipinar presidenteak Euskal Herrian egingo duen egonaldi laburra Gasteizen hasiko da eta Ibarretxe lehendakariak harrera egingo dio Ajuria Enean. Macapagalen ohorez emango den bazkariaren ostean Ibarretxe eta presidente filipinarra Ordiziara bidaiatuko dira eta bertan herriko alkate Jose Miguel Santamariak errezibituko ditu. Macapagal ohorezko gonbidatua izango da Barrena Jauregian egingo den Urdaneta Urtearen irekiera ekitaldi ofizialean.

Filipinetako Urdaneta izeneko hiriarekin senidetzea

Filipinar agintariaren bisita Urdaneta Urtearen hasierako ekitaldi nagusia izango da, baina urtean zehar ekimen ugari prestatu ditu Ordiziako Udalak data honen inguruan. Horien artean aipagarria da 2008ko azaroan egingo den Nazioarteko Mintegia, bertan Urdanetaren garrantzia aztertuko baitute ikuspegi historiko zein ekonomikotik. 500 mendeurreneko ekitaldien oihartzuna El Callao (Peru) eta Acapulcora (Mexiko) ere iritsiko da, Tornaviaje bideak hiri hauen historian ere berebiziko garrantzia izan zuelako.

Urdaneta Urtearen prestakuntzak Euskal Herria eta Filipinen arteko hurbilketa ekarri du arlo desberdinetan, hein handi batean Ordiziako Udalaren ekimenak eta Marciano R. de Borja filipinar diplomatiko eta halaber euskaldunek bere jaioterrian egin zuten ekarpenaren ikertzaile aditu denaren ahaleginak bultzatuta. Ekimen horien artean azkenetariko bat Ordizia eta Filipinetako Urdaneta hiriaren arteko senidetzea izan da. Ordiziar alkatea Urdanetan izan da berriki senidetze ekitaldian parte harteko eta datozen egunetan Urdanetako ordezkaritza bat Ordiziara etorriko da.


Lotura interesgarriak

Urdaneta 500
V. Mendeurreneko webgunea

Urdaneta itsasgizonaren lorpenei buruzko artikulua (erd.)
www.diariovasco.com

'Andrés de Urdaneta y el Tornaviaje'
Jose Ramon de Miguel Bosch-ek Euskonews-en idatzia

Andres de Urdanetaren wikia
www.andresurdaneta.wetpaint.com

EHUk eta Filipinetako 3 unibertsitatek lankidetza hitzarmena
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 29an

Urdanetaren V. Mendeurreneko Nazioarteko Mintegia
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 2an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia