Bilbo, Bizkaia. Euskal Herritik Sancho de Beurko historia elkarteak sustatzen duen Fighting Basques, proiektuak Bigarren Mundu Gerran partaide izan ziren mila euskal.estatubatuar eta euskal beteranoen biografia gainditu dituela iragarri du. Izan ere, elkartekoek euren lanaren emaitza izan dute AEBan joan den ostegunean ospatu zen 2021ko Veteran' Day edo Beteranoen Egunarekin bat egiteko modua. Gogora dezagun Sancho de Beurkok daraman ikerlana zinez berria dela, aurrekaririk gabea, zerotik hasita EHan jaiotako edo, gehienak, euskal jatorriko beteranoen peskiza lan ikaragarria garatu baitute.
Ikerlanak aurrera darrai bere bidea, eta egungo xifretan 44 estatu bukatu dituzte, gehi Washington DC eta Puerto Rico, eta azkeneko estatuak geratzen zaizkie AEBko 50 estatuak bukatzeko. Euskal diasporari bereziki lotutako proiektua da, eta zenbaki esanguratsua dira euren artean hizkuntzaz ere EABen euskaldun jaio zirenak. Proiektuari ekin aurretik ez zitekeen erraz pentsatu hainbeste euskal jatorriko jenderik aritu zenik Bigarren Mundu Gerran partaide. Proiektuko buru diren Pedro J. Oiarzabal eta Guillermo Tabernillaren esanetan, "Fighting Basques: Memory of WWII ekimenak esangura berezia hartzen du, historia liburuek sekula aipatu gabeko historia bat azaleratu baita".
AEBko Euskal Jatorriko Beteranoen Monumentua
"Merezi duten bezala ezagutarazi eta ohoratu nahi ditugu balore eta sakrifizioko istorio eta biografia hauek, ahaztuak izan ez daitezen", esan diote bi ikertzaileek EuskalKultura.eus-i, berriro ere aipatuz aurretik ere bota izan duten ideia bat: "Ez al luke mereziko Estatu Batuetan, iBGMko Euskal Monumentu iraunkor bat eraikitzea izen hauek guztiak nabarmenduz, euskal jatorriko beterano guztien omenaldi eta oroigarri?", iradoki dute.
Ideiarekin bat egin nahi baduzu edo honen inguruko proposamenik baduzu, idatzi sanchodebeurko@gmail.com helbidera. Estatu Batuetatik irakurtzen baduzu, badago kolaboratzeko modurik: zu zeu edo zure euskal etxea lankide bilakatuz BMGko euskal jatorriko beteranoak identifikatuz zure herri edo eskualdean; edo eurei elkarrizketak eginez (ikus NABOren ahozko euskal historia); edo, edonola ere informazioa, dokumentuak, argazkiak edo beste zernahi konpartituz helbide berean, sanchodebeurko@gmail.com.