Llavallol, Argentina. Argentinako hainbat tokitako 15 euskal elkartetik etorritako 500etik gora haurrek jolas, herri kirol eta bizikidetza topaketa ederra partekatu zuten joan den larunbatean, irailaren 14an. Ia udaberriko jardunaldi batek testuinguru ezin hobea ekarri zion FEVAk antolatutako “Euskal etxeetako eta Euskal Echea Ikastetxeko Txikien 25. Topaketa”ri. Urtero bezala, Euskal Echea Ikastetxeko Llavalloleko egoitzan egin zen topaketa, begirale eta koordinatzaile paregabeak lagun. Bertan izan ziren FEVAko lehendakari Asier Iriberri, FEVAko lehendakariorde Arantxa Anitua eta Euskal Echea Kultura eta Ongintza Elkarteko lehendakari Ernesto Juan Berisso.
Goizeko 10etan hasi eta ia iluntzen hasi arte, haurrek eurentzat bereziki prestatutako ekitaldien jardunaldi ikusgarria ospatu zuten. Goizean, kirolak eta euskal jolasak egin zituzten. Bazkalostean, bertaratutako zuzendarien agurra jaso zuten, eta arratsaldean,"25 urte" Korrikaren tenorea iritsi zen, topaketako protagonista gazteenek egindako pankarta aurrean zeramatela. Gainerako orduetan musika ugari, dantza erakustaldia eta muralen trukea, eta bukaeran, sari eta souvenirren banaketa egin zen.
Sokatira, Umeen topaketan proposamen faltaezina
25. Umeen topaketako beste jolas eta postala, pilotak saskian
“25. urteurren honetan, lagun ditugunen aurpegiak ikustea, gaur egungo gaztetxoak euskal sentimentua errotuta, eta atzo haur zirenak gaur monitore direla ikustea, gurekin jarraitzen duten aurpegi horiek guztiak ikusteak, belaunaldi aldaketa ziurtatuta dagoela pentsatzea eragiten digu, animatu eta indarra ematen digu, itxaropen handia ematen, eta hunkitu egiten gaitu. Neure ustez, euskal etxe guztien jarduerak hartuta, festarik hunkigarriena da hau”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Arantxa Anitua FEVAko lehendakariordeak.
Txiki-txikiak jolasean eta monitoreak lagun
Haur andana bildu zen Llavallolen pasa den larunbatean partaide
Honakoak dira Topaketan partaide izan ziren euskal elkarteak: Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat, Chacabucoko Guillermo Larregui, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak, Buenos Airesko Euskaltzaleak eta Laurak Bat, La Platako Euzko Etxea, Lomas de Zamorako Denak Bat, Macachíngo Euzko Alkartasuna, Maipuko Anaitasuna, Mar del Platako Denak Bat, Necocheako Euzko Etxea, Olavarriako Gure Etxe Maitea, Pergaminoko Lagun Onak, Tandilgo Gure Etxea eta Euskal Echea ikastetxea (Buenos Aireskoa eta Llavallol hirikoa)