euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

FEVAren Urteko Biltzarra: Zuzendaritzaren zati bat berrituta, harrera egin zitzaien Asier Vallejo eta Sara Pagolari

2015/04/27

FEVAren 2015eko Ohiko Biltzar Orokorra apirilaren 25ean izan zen, 22 euskal etxetako lagun partaide (foto EuskalKutura.com)
FEVAren 2015eko Ohiko Biltzar Orokorra apirilaren 25ean izan zen, 22 euskal etxetako lagun partaide (foto EuskalKutura.com)

PUBLIZITATEA

Urteko Ohiko Biltzar Nagusia egin zuen larunbatean FEVAk eta 19 botorekin Zuzendaritza Batzordeko zenbait kargu berritu zituen. Bilera bukatuta, Eusko Jaurlaritzako Sara Pagola Argentinako ordezkariaren eta Asier Vallejo Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariaren bisita jaso zuen federazioak. Besteak beste zenbait proiektu komentatu zituzten eta Oskar Alvarez Gila irakasleak ‘Memoria Bizia’ egitasmoa aurkeztu zuen.  

Buenos Aires, Argentina. Federazioko estatutuek diotenari jarraituz, Zuzendaritza Batzordeko bloke bat berritu dute FEVAko kideek joan den apirilaren 25ean Laurak Bat euskal etxearen egoitzan egindako Ohiko Biltzar Orokorrean. Hauteskunde prozesuak behar bezala egin zuen aurrera eta 19 aldeko eta 3 bozka txurirekin atera zen irabazle aurkeztutako zerrenda bakarra. Hona hautetsi berriak:

-1. Lehendakariordea: Maria Aranzazu Anitua, kargu pertsonala. Agintaldia 2 urte.
-2. Lehendakariordea: Juan Jose Olasagastia, kargu pertsonala. Agintaldia 2 urte.

-Batzordekidea, titularra: Miguel Angel Valencia; ordezkoa, Asier Iriberri Plazaola. Denak Bat, Mar del Plata. Agintaldia, 2 urte
-Batzordekidea, titularra: Damian Cebey; ordezkoa, Juan Carlos Tisera. Euzkal Etxea, San Nicolas. Agintaldia, 2 urte
-Batzordekidea, titularra: Esteban Kain; ordezkoa: Jose Maria Etchegoin. Gure Etxea, Tandil. Agintaldia, 2 urte

-Kontu ikuskatzailea: Maria Angeles Oñederra, Toki Eder, Jose C. Paz. Agintaldia, urtebete
-Kontu ikuskatzailea: Francisco Javier Zubillaga, Euzko Etxea, Necochea. Agintaldia, urtebete
-Kontu ikuskatzailea: Monica Mercedes Azpiazu, Lagunen Etxea, Laprida. Agintaldia, urtebete

-Ohorezko epaimahaia: Xabier Olaizola (Buenos Aires), Isidro Legarreta (Tandil), Carlos Sosa (Bahia Blanca). Agintaldia, 2 urte
-Ohorezko epaimahai ordezkoa: Maria Luz Arteche (Arrecifes), Juan Pedro de Erquiaga (Buenos Aires), Felipe Ernesto Muguerza (Necochea ). Agintaldia, 2 urte

Euko Jaurlaritzaren ordezkariak

Biltzarra bukatuta, Asier Vallejo Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, Sara Pagola Argentina-Mercosur-erako ordezkaria, Andoni Martin teknikaria eta Buenos Aireseko Ordezkaritzako Joseba Bergaretxe bekaduna bertaratu ziren Laurak Bat-era FEVAko kideekin elkartzera.

Federazio euskal argentinarreko kideekin izandako bilkuran, gai jakin batzuri buruz hitz egin zuen Vallejok. Hasteko, diru-laguntzen eskaeren xehetasunak azaldu zituen eta azpimarratu zuen epeak errespetatzearen garrantzia. Horren ostean, 2015eko Gaztemundu bekaren deialdiari dagokionez, 18 eta 35 urte arteko gazteei dagoela zuzendua jakinarazi zuen, euskal etxeetako etorkizuneko buruzagiak trebatzea helburu.

Ikastaroa Gasteizen izango da, iraileko azken astean eta urriko lehenengoan, behin bukatuta urriaren 7, 8 eta 9an Gasteizen bertan egingo den Euskal Gizataldeen Mundu-Batzarrarekin bat egiteko. Gaztemundu aurtengo edizioan, hamabost leku baino ez dira egongo. Bukatzeko, ‘Memoria Bizia’ programaren xehetasun batzuk ere aurreratu zituen Vallejok, Oskar Alvarez Gilak geroago eman zuen azalpenaren sarrera moduan.

Bere aldetik, Ordezkaritza bultzatzen ari den lau proiektu aipatu zizkion Sara Pagolak bildutako jendeari. Alde batetik, ‘.eus’ domeinuko zuzendariarekin bilera edota hitzaldiak antolatzeko aukera. Pagolak jakinarazi duenez, Argentinan izango da domeinuko zuzendaria ekainaren 21etik 25era eta Ordezkaritzarekin jarri da kontaktuan Argentinako erakundeekin batera ekintza bat antolatzeko. Bestetik, La Platako euskal etxea egiten ari den inkesta soziologikoan parte hatzera animatu zituen Pagolak Laurak Bat-en bildutako pertsonak. Gogora dezagun Euzko Etxeak daraman ikerketaren baitan, galdetegia erantzuteko aukera maiatzaren 10ean bukatuko dela.

Ordezkaritzak berak sortutako bi erakusketari buruz ere hitz egin zuen Pagolak. Genero gaiaren inguruko ‘Begiradak eraldatzen’ erakusketa eskuragai dago nahi duen euskal etxearentzat. Interesa dutenek Ordezkaritzarekin kontaktatu baino ez dute. Horretaz gain, ‘Argentinan Euskaraz’-en 25. Urteurrenarekin lotura duten hainbat aktibitate iragarri zituen, tartean erakusketa ibiltaria. Erakusketak 20 bat panel izango ditu eta euskal etxez euskal etxe ibiliko da abendura arte, ibilbidea Buenos Aireseko Liburutegi Nazionalean bukatzeko.

Memoria Bizia

Bileraren amaieran Oscar Alvarez Gila irakasleak ‘Memoria Bizia’ proiektua azaldu zion publikoari. Proiektua abian jarri da jadanik Argentina, apirilaren 24 egindako trebakuntza ikastaro trinko batekin.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia