euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tandilgo EEak 64 urte ospatuko ditu larunbatean, sukaldaritza, erromeria eta Pagola ordezkariaren bisita barne

2013/11/18

Sukaldaritza da San Nicolaseko Euzkal Etxea-ren alde indartsuenetako bat eta arlo honetako aholkuak eskainiko dituzte sukaldariek FEVAren Tailerrean
Sukaldaritza da San Nicolaseko Euzkal Etxea-ren alde indartsuenetako bat eta arlo honetako aholkuak eskainiko dituzte sukaldariek FEVAren Tailerrean

PUBLIZITATEA

FEVAk eta Gure Etxea Euskal Etxeak antolaturik, Sukaldaritza Tailerra egingo da Tandilen datorren larunbatean, azaroaren 23an, alor honetan eskarmentu handia duten San Nicolaseko Euzkal Etxea-ko sukaldarien eskutik. Proposamena Tandilgo Gure Etxearen 64. urteurrenaren programaren barruan gauzatuko da, Sara Pagola Euskadiko ordezkariaren bisita eta larunbat gaueko erromeriarekin batera.

Tandil, Argentina. Argentinako euskal etxe guztiei luzatzen diete gonbitea FEVAk eta Tandilgo Gure Etxea-k. Hitzordua larunbat goizean izango da, 10:30etan, Sarmiento kaleko 1079. zenbakian.

Proiektuaren arduradunek azaldu dutenez, “jendea euskal etxeetara erakartzea da helburua eta horretarako, tailerrean, lagun artean erraz presta daitezkeen jende askorentzako errezetak, argentinarron gustura egokituak, irakatsiko dira. Hau diru iturri ere izan daiteke euskal etxeentzat eta erakundeen autofinantzaketa bultzatzeko helburua ere badu”. Tailerraren emaileak San Nicolaseko euskal etxeko sukaldaritza taldea izango dira, paregabeko esperientziadunak hau bezalako ekimenetan", esan dute.

Parte hartzeko, ‘sukaldari’ bakoitzak bere olanabesak ekarri beharko ditu, hau da, haiztoa, sukaldeko ohola, mantala eta eskuzapiak. “Materialea ekartzeaz aparte, lan egiteko prest egon behar dute parte-hartzaileek. Izan ere, tailerra erabat praktikoa izango”, azpimarratzen dute. Goizean zehar prestatuko den menua –eguerdian bazkalduko dena– hauxe izango da: sarrera, txorizoa sagardo erara eta baratxuri moussa; plater nagusia, legatza saltsa berdean; eta postrea, madari eta sagar txokolatedunak.

[Tailerraren kostuei dagokienez, FEVAtik jakinarazi dute Federazioak berak ordainduko dituela janaria prestatzeko osagaiak, Gure Etxeak hartuko duela bere gain instalazioak erabiltzeko gastuak eta partaide bakoitzak arduratu beharko duela bertaratzeko bidaiaz. Parte hartzeko izena emateko epea datorren ostegun honetan bukatuko da, arratsaldeko 4etan, eta kontaktatzeko helbidea, feva2000@fibertel.com.ar da.

Sara Pagolaren bisita eta Gure Etxea-ren 63. urteurrena

64 urte beteko ditu datorren asteburuan Tandilgo euskal etxeak eta programa oparoa antolatu du kide eta lagunekin opatzeko, tartean Sukaldaritza Tailerra. Tailerra eta bazkaria bukatuta, danborrada batekin hasiko da jaia iluntzeko 7:30etan. Danborradak gidatuko ditu gonbidatuak herriko plaza nagusira eta bertan izango da erromeria. Ospakizunarekin bukatzeko, gauerdian euskal etxean bilduko dira berriro lagunak. Euskadiren ordezkari Sara Pagolak Euskadiren gaur egungo egoerari buruzko hitzaldi bat emango du bezperan, ostiralean, 22an. Hitzordua, iluntzeko 8etan izango da.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia