euskal diaspora eta kultura
2011/03/17
PUBLIZITATEA
Gral. Rodriguez, Argentina. “Urte dezente daramatzat pintura eta eskultura irakasten eta urte hauetan pilatutako esperientziari esker, artelanez gozatzeko arte historian murgiltzea beharrekoa dela ikasten dut”. Adierazpen honekin azaltzen du Elena Itcea arte irakasleak bere hitzaldien muina. Eta haratagoa doa: “Artistek esan nahi dutena ulertzea, hori da erronka. Euren xedea ezagutuz, artelanera hurbildu ahal izango gara Jose Tasenderen esaldiak gidatzen nau nire ikerketetan”.
Oso harreman estua du Elena Itceak euskal kulturarekin. Izan ere, aitona-amonak Euskal Herrikoak zeuzkan, Iparraldekoak eta Hegoaldekoak. Hori dela eta ez da harritzekoa Euskal Herriarekin lotura handia duten bi artisten lanei ekin izana. “Hitzaldiak prestatzeko, euskal sentimenduarekin oso era ezberdinean erlazionatzen diren bi artista hautatu ditut: Eduardo Chillidaren lana ezagutu nuenean, neure euskal sustraiak eta barru-barruan neuzkan sentimenduak hobeto ulertzen hasi nintzen”, adierazi dio Itceak EuskalKultura.com-i. “Pablo Picassoren kasuan, zalantzarik gabe XX. mendeko jenioa izategatik eta euskaldunontzat hain esanguratsua den 'Guernica' koadroaren egilea izateagatik aukeratu dut”, azaldu digu arte irakasleak.
'Eduardo Chillidaren zizelkari lana'
“Chillidaren lanetan murgiltzen hasi nintzenean, Joan Miquel Llodraren Chillida liburuak eta Laurence Boulting-en dokumentalak lagunduta, erabat harrapatuta geratu nintzen. Hitzaldian aurkezten dudan planteamendu ikus-estetikoak Chillidaren printzipio filosofikoekin zerikusi handia du. Bere pentsaeraren esaldi adierazgarrienek figuratiboa ez den bere lana hobeto balorazen laguntzen dute”.
Hitzaldiaren egiturari dagokionez, bi zatitan dagoela banatuta azaldu digu Gral. Rodriguezko euskal etxeko kideak. Lehenengo atalean, eta historiaurretik hasiz, estilo anitzeko eskulturen irudiak erakusten ditu adituak, egileen asmoak, zergatiak eta lanen itxurak azpimarratuz. “Hitzaldia, gaian murgilduta ez dagoen publikoari ere zuzenduta dagoenez, ariketa hau ezinbestekoa da Chillidaren lana ondo ulertzeko”, jakinarazten digu Itceak. Bigarren zatian, berriz, artista euskaldunaren eskulturak ikertzen dira.
“Hitzaldia bukatzeko, Chillidaren esaldi batez baliatzen naiz: Begiak begiratzeko, begiak barre egiteko, begiak negar egiteko. Ikusteko ere balio ote dute?”
'Picasso: Guernica-ren egilearen bizitza eta lana'
FEVAren babesarekin Elena Itcea irakasleak eskaintzen duen beste hitzaldiak, Picasso eta Picassoren Guernica koadro ditu gai nagusi. “Artista baten lana ondo ulertzeko bere bizitza eta historia-testuingurua ezagutzea ezinbestekoa da, nire ustez. Mintzaldiaren hasieran Picassoren pintura multzo bat aztertzen dut. Gero, eta 1937an Bizkaiko herriak jasotako erasoa abiapuntu hartuz, Guernica koadroari eskaintzen diot mintzaldiaren bigarren zatia. Margolari malagatarrak egin zuen lehenengo zirriborrotik azken bertsiora azaltzen dut eta hainbat kritikarik egin zituzten interpretazioak ere aipatzen ditut”.
[Elena Itcea, berak egindako Guernicaren irudiaren aurrean, 'Eusko Aterpea' euskal etxeko egoitzan]
Euskal Herritik oso urrun baina oso hurbil
Elena Itceak Arte Plastikoak ikasi zituen Lujango Arte Eskolan eta irakasle eta zuzendari aritzen da bigarren mailako hezkuntzan. 1999. urtetik, hau da, erakundea bera sortu zenetik, Gral. Rodriguezko 'Eusko Aterpea' Euskal Etxeko kide da. “Gaur egun, FEVAri esker, nire euskal etxea ordezkatzeko oso aukera polita dut. Iaz Jose C. Paz-en, Olavarrian, Azul-en eta Gral. Rodriguez-en ere eman nituen mintzaldiak eta aurten ere, interesa duten euskal etxeetara joateko prest nago”, adierazi du arte irakasleak. "Nire bisitak antolatzeko FEVArekin jarri behar da kontaktuan. FEVAk bidaia gastuak bere gain hartzen ditu, eta euskal etxe bakoitzaren esku geratzen da ostatua eta janariarena,” jakinarazten du.
“Lehen esan dudan bezala, gure aitona-amonak euskaldunak ziren eta orain Legasan eta Elizondon ditut lehengusuak. Nire neba-arrebek hara joateko aukera izan dute eta Azpilkuetan dagoen familiaren baserria bisitatu zuten. Ni, berriz, oraindik ez naiz joan baina bidaia hori egunen batean beteko dudan amets preziatua da”.
Lotura interesgarriak
Elena Itcearen Blog-a
www.elenaitcea.blogspot.com
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus