euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

FEVAren Biltzar Orokorra eta Asier Vallejoren bisita bihar, Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean

2014/04/25

FEVAko Lehendakari Ricardo Basterra eta lehendakaritzarako hautagai Hugo Andiazabal, 2013ko Biltzarrean (argazkia EuskalKultura.com)
FEVAko Lehendakari Ricardo Basterra eta lehendakaritzarako hautagai Hugo Andiazabal, 2013ko Biltzarrean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Apirilaren 9ko edizioan iragarri genuen bezala, bihar gauzatuko dira FEVAko agintari berriak aukeratzeko hauteskundeak. Berritzea partziala izango da baina kargu garrantzitsuenak hautatuko dira, tartean, lehendakari, idazkari eta diruzainarena. Hauteskundeetara zerrenda bakarra aurkeztuko da aurten ere, gaur egun Federazioko Diruzain Hugo Andiazabal buru. Biltzarra bukatu eta gero, Asier Vallejo eta Sara Pagolarekin elkartuko dira euskal etxeetako kideak eta Federazioko agintari berriak. Gogora dezagun gaur bukatuko den biraren baitan Necochea, Mar del Plata eta Chascomus hiriak bisitatu dituztela euskal ordezkariek.

Buenos Aires, Argentina. Federazioko estatutuek zehazten duten bezala, bere Zuzendaritza Batzordeko zati bat berrituko du bihar, apirilaren 26an, FEVA Euskal Argentinar Erakundeen Federazioak Laurak Baten instalazioetan burutuko den Biltzarrean. Berritzear dauden karguak kargu pertsonalak dira, besteak beste Lehendakari, Idazkari eta Diruzainarenak eta bi urteko eperako hautatuko dira. Hauekin batera, lau batzordekide titular eta lau ordezko ere hautatuko dira eta hiru kontu ikuskatzaileak (azken hauek, urtebeterako). Biltzarraren egitarauaren barruan, 2013ko abenduaren 31an itxi ziren Memoria eta Balantzea ere aurkeztuko dira bilerakideek onar ditzaten.

Hona, biharko hauteskundeetara aurkeztu eta ofizialdu den hautagai zerrenda bakarra:

-Hugo Andiazabal (lehendakari), kargu pertsonala (Arbola Bat, Junin)
-Javier Ederra (idazkari), kargu pertsonala (Union Vasca, Bahia Blanca)
-Pedro Mauregui Larranda (diruzain), kargu pertsonala (Zingirako Euskaldunak, Chascomus)

-Batzordekide titularra, Marta Abarrategui, Euskaldunak Denak Bat (Arrecifes)
-Batzordekide ordezkoa, Ana Victoria Idígoras, Euskaldunak Denak Bat (Arrecifes)

-Batzordekide titularra, Verónica Zulaica, Denak Bat (Cañuelas)
-Batzordekide ordezkoa,Catalina Etchevers, Denak Bat (Cañuelas)

-Batzordekide titularra, Cristina Arregui, Zazpirak Bat (Rosario)
-Batzordekide ordezkoa,Alicia Igarzabal, Zazpirak Bat, (Rosario)

-Batzordekide titularra, María Susana Mendizabal, Gure Etxe Maitea (Olavarria)
-Batzordekide ordezkoa, Hilda Isabel Eyherabide, Gure Etxe Maitea (Olavarria)

-Kontu ikuskatzailea, Francisco Javier Zubillaga, Euzko Etxea (Necochea)
-Kontu ikuskatzailea, Monica Mercedes Azpiazu, Lagunen Etxea (Laprida)
-Kontu ikuskatzailea, Maria Angeles Oñederra, Toki Eder (Jose C. Paz)

Biltzarrean parte hartzeko deialdiarekin batera, FEVAk gogorarazi du hauteskundeetan parte hartzeko, euskal etxeek ezin dutela zorrik eduki FEVAko diruzaintzarekin eta Izaera Juridikoa eguneratua behar dutela izan. Halaber, jakinarazi dute euskal etxeen ordezkariek, euskal etxeak berak luzatutako agiri bat izan behar dutela, ordezkaritza hori baieztatuz. Biltzarra Laurak Bat euskal etxean izango da, Belgrano etorbideko 1144. zenbakian, goizeko 09:30etan.

Asier Vallejoren bisita

Behin biltzarra bukatuta, Eusko Jaurlaritzako Sara Pagola Argentinako ordezkaria eta Asier Vallejo Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, Laurak Baten bildutako euskal etxeetako ordezkariekin bilduko dira elkarren berri izateko.

Vallejo Hego Amerikan egiten ari den bidaia ofiziala apirilaren 22an hasi zen, Necochea, Mar del Plata eta Chascomus hiriak eta bertako euskal etxe eta komunitateak bisitatzeko asmoz. Bidaiaren lehenengo egunean eta Sara Pagola lagun, Necocheako Euzko Etxeko Zuzendaritza Batzordearekin bildu zen mandatari euskalduna eta bilkura amaitzean, egoitzako jatetxean antolatutako afari batean afaldu zuen, bertako kideekin.

Asteazken goizean Necocheako Gobernuko idazkariarekin bildu ziren Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta arratsaldean Mar del Platara abiatu ziren Denak Bat-eko kideekin elkartzeko. Mar del Platako euskal etxean, zuzendaritzarekin ez ezik, dantzariekin ere izan zuten hitz egiteko aukera bisitariek. Iluntzean afaria partekatu zuten gonbidatu eta anfitrioiek.

Atzo, Mar del Plata hiria utzi aurretik, bertako alkatearekin bildu ziren. Arratsalde aldera, Chascomusera abiatu ziren eta bertan itxiko dute bira gaur hiriko eta euskal etxeko agintariekin elkartu ondoren. Aipatzekoa, biraren azken zatian FEVAko lehendakari Ricardo Basterrak bat egin duela euskal delegazioarekin.

Asier Vallejoren Argentinako bisita Buenos Airesen amaituko da asteburuan. Arestian aipatu bezala, FEVAren Biltzarraren ostean euskal etxeetako kideekin bilduko da eta arratsaldean Magdalena Mignabururen Euskal Aberria Argentinan liburuaren aurkezpenean hartuko du parte, Buenos Aireseko Liburu Azokan. Bere ekintzen zerrendarekin jarraitzeko, Brasilera abiatuko da astelehenean, 28an, Rio Grande do Sul-eko euskal komunitateko kideekin elkartzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia