euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

FEVAren bazkide aktibo bihurtuta, Euskaltzaleak-ek VI. 'topaketa' egingo du bihar, Jon Ander Ramos hizlari

2013/06/13

'Teila Bat Argentinako Euskararentzat' kanpainan parte hartu duten lagunetako batzuk (argazkiakEE)
'Teila Bat Argentinako Euskararentzat' kanpainan parte hartu duten lagunetako batzuk (argazkiakEE)

PUBLIZITATEA

Aktibitate handiko urte honetan, urrats garrantzitsuak eman ditu Buenos Airesko Euskaltzaleak-ek. Izan ere, euskara klaseak eskaintzeaz gain, Euskal Herriko kultura zabaltzeko beste hainbat ekintza bultzatzatzen ari da instituzioa. Engaiamendua eta ahaleginak ez dira oharkabean geratzen eta FEVAren azken bileran bazkide aktibo gisa onartu du Federazioak hiriburuko euskaltegia. Berri honekin batera, iragarri du urteko Seigarren Topaketan Jon Ander Ramos Martinez irakasleak hitzaldi bat eskainiko duela. Hitzordua, bihar iluntzeko 8etan.

Buenos Aires, Argentina. Urte t'erdi baino ez da pasatu Buenos Aireseko euskaltegiak egoitza erosi zuenetik. Baina etxearena helburua zen, ez helmuga; eta toki propioa izateak bultzada handia eman dio proiektuetan. Gaur egun, euskara klaseak emateaz gain, euskaltegiak beste proposamen batzuk ere badauzka, honako eskaintza tartean:

-Zine Zikloa, hilabetean behin, ostiraletan
-Abesbatza, asteazkenetan, 20:00etan
-Alboka tailerra, asteazkenetan, 21:30etan
-Pandero tailerra, hilabetean bitan, ostiraletan, 18:00etan

Aurtengo nobedadeen artean, Euskal Bitxigintza tailerra, Euskaltzaleak-en egoitzan. Silvia Azpiazu bitxigile artisauaren ardurapean, elkarretaratzeak astean bitan izango dira abuztutik aurrera.

Baina ekintzak ez dira euskaltegiaren egoitzara mugatzen. Etxetik kanpoko bi proiektu ditu Euskaltzaleak-ek beti ere euskararen zabalkuntza helburu. Batetik, CVF-Iparraldeko Euskal Etxearekin batera antolatutako euskara ikastaroa asteazkenetan egiten da iluntzeko 7etatik 9etara, Moreno kaleko egoitzan.  Proposamen honetan parte hartzeko izena emateko epea irekita dago.

Bestetik, martxa bizian jarraitzen du Euskaltzaleak-ek sortutako euskara On Line Ikastaroak. Aukera hau aurrez aurreko klaseetan parte hartu ezin dutenei dago zuzenduta eta zerotik hasten da ikasleak izen-ematea burutzen duen momentutik.

FEVAren bazkide aktiboa

Gorabehera dezente gainditu behar izan ditu Euskaltzaleak euskaltegiak bere 69 urteko historian. Hala ere, duela urte t'erdi garai berri bat hasi zen euskaltegiarentzat etxe propioa izatea lortzearekin batera. Bere estatusari dagokionez, aurtengo berria da FEVA Argentinako euskal elkarteen federazioak, maiatzeko bileran, bazkide aktibo giza onartu zuela Euskaltzaleak.

Bihar VI. Topaketa, Jon Ander Ramos gonbidatu

Martxa ez da inoiz geratzen Independentzia kaleko euskal etxean eta proiektuak burutu ahala ideia eta proposamen berriak sortzen dira. Pixkanaka, urteko seigarren 'topaketa'ra (euskara eta euskal kultura lantzeko elkarretaratzeak dira Euskaltzaleak-en topaketak) iritsi dira euskaltegiko lagunak, programa (eta afari) interesgarria eskaintzeko. Ekainaren 14an iluntzeko 8etan, EHUko Jon Ander Ramos Martinez ikerlariak Victor Mendizabal-i buruzko hitzaldi bat emango du. Hitzaldia bukatutakoan, pintxo eta kazolak eskainiko dira afaria partekatzeko.

Azkenik, erakundetik gogorazi nahi dute 'Teila bat Argentinako euskararentzat' kanpaina aurrera segitzen duela eta nahi dutenek euren ekarpena egin dezaketela bono bat erosten. Ekintzei buruzko informazioa eskuratzeko edota laguntzeko bideak zeintzuk diren jakiteko, Euskaltzaleak-ekin jarri behar da kontaktatu euskaltzaleak@yahoo.com.ar helbidean, edo zuzenean euskaltegiaren egoitzara jo, Bernardo de Irigoyen kaleko 826. zenbakian.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia