Mar del Plata, Argentina. Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak bere abegipean hartuko du datorren asteburuan, urteko lehenengo Musikarien Topaketa Nazionala. FEVA eta Mar del Platako Euskal Etxea antolatzaile, ekitaldia martxoaren 24 eta 25ean, ostiral eta larunbatez, garatuko da eta bertan zortzi euskal erakundetako ordezkariak bilduko dira, herrialdeko beste hainbeste herrietatik etorrita.
Urtero bezala, Euskal Aste Nazionalean —gogoratu, aurten Necochean, azaroaren 6tik 12ra— modu aktiboan jardungo diren musikariak elkartuko dira, hitzordu hartarako errepertorioa zehaztu eta entseatzearren. Hogei bat musikarik hartuko dute parte deialdian, tartean Buenos Aireseko Laurak Bat, Cordobako Gerora, La Platako Euzko Etxea, Tandilgo Gure Etxea, Las Floreseko Loretako Euskaldunak, San Nicolaseko Euzkal Etxea eta Maipuko Anaitasuna euskal etxeetako ordezkariek, Mar del Platako Denak Bateko anfitrioiekin batera.
Gainera, bildutako musikariek ikuskizun bat eskainiko dute topaketari amaiera emateko. Beti Alai dantza talde mardelplatatarra ere partaide, publiko guztiari irekitako euskal musika emanaldi hau Udal Liburutegian gauzatuko da, maiatzaren 25ean, larunbata, arratsaldeko 7etan..
Jose Gutierrez txistulari laurakbatarrak eta topaketa hauen sustatzaileak EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, publikoarekin partekatzean hartzen du euren lanak egiazko zentzua, eta hori da euren konpromisoa, "ez baitu zentzurik guretzat bakarrik egiteak, baizik eta erkidego osoarentzat eta interesa dutenentzat. Euskal musika oso aberatsa da, ñabardura asko ditu, eta gure lurralde honetan landu nahi dugunetako bat instrumentu tradizioal askori, eta baita hain tradizionalak ez direnei ere, sonoritate berriak bilatzea da”.