Urte osoko luzera duen programa ari da garatzen Maipuko Euskal Etxea bere 40. urtemuga ospatzeko. Azken ekintza Urteurren Taska izan da, aurreko proposamenak bezain arrakastatsua: 200 bat gonbidatu bildu ziren, tartean, Arantxa Anitua FEVAko lehendakariordea, hiriburuko Laurak Bateko kideak eta jaian dantzatzeko, La Plata, Tandil, Olavarria eta Dolores hirietatik Maipura propio bidaiatutako Maipúko dantzari ohiak.
Maipu, Argentina. Mota askotako ekintzak antolatu ditu Anaitasuna Euskal Etxeak erakundearen urtebetetzea urtean zehar ospatzeko helburuarekin. Martxotik hona Logo hautaketa, Urtebetetze Bazkaria, Mus Txapelketa, Sukaldaritza Ekintzak eta Dantza Tailerra egin dira, soilik batzuk aipatzearren.
Ospakizun programa barruan Urteurreneko Taska egin dute maipuarrek hondarren. Gaueko protagonista bertako Egunabar dantza taldea izan zen; adin tarte guztietako dantzariak aritu ziren gauean zehar festari musika, kolore eta erritmoa jartzen. Antolatzaileen hitzetan, “dantzari txiki, ertain eta helduek ez ezik, La Plata, Tandil, Olavarria eta Doloresetik etorritakoek ere hartu zuten parte. Dantza ugari egin zituzten, besteak beste Aurresku, Ipurdi Dantza, Gora Behera, Txulalai, Makil Dantza, Banako, Bob Espok, Kuadrille, Zuberoako Maskarada, Arku Dantza, Aukeran, Azkoitia eta Fandagoa”.
FEVAren izenean federazioko lehendakariorde Arantxa Anituak lagundu zituen ekitaldian Anaitasunako kideak eta berarekin Laurak Bateko Olivetto senar emazteek. “Horiez gain", jakinarazi du Anaitasunako Laura Etcheverryk, "EITBrentzako proiektu bat egiten ari den Martin Gervasoni ere etorri zitzaigun eta kointzidentziaz larunbatean Maipun pasoan zegoen Luis Bilbao Euskal Herriko euskaldunak ere. Esan zioten euskal etxean jai bat zegoela eta hantxe bertaratu zen!”, aitortu digu.
Euskal Etxearen hurrengo aktibitate potoloa, Necocheako Euskal Astera bidaiatzea izango da.