Inguruko euskal etxeetako ordezkariak ez ezik, FEVAko lehendakari Hugo Andiazabal ere bertaratu zen 20. urteurreneko jaian parte hartzeko. Bazkarian paella erraldoi ederrez gozatu ahal izan zuten bildutako 150 gonbidatuek eta bazkalostean erromeria “lehertu” zen, zuzeneko musikarekin. “Festa ederra izan da, ohi dugun euskal giro goxoa sortuta denon artean”, laburbildu dio pozik Toki Eder-ko lehendakari Maria Angeles Oñederrak EuskalKultura.com-i.
Jose C. Paz, Argentina. Joan den igandean, ekainaren 12an, ospatu zuen bere 20. urtemuga Toki Eder Euskal Etxeak 150 pertsonarentzako bazkari batekin. Jaia, kalean, euskal etxearen atarian, hasi zen Agustina Olaizolak eskainitako ‘Agurra’rekin. Agintariei zuzendutako ohorezko dantzaz gain, beste bizpahiru pieza dantzatu zituzten Gure Talde Alai dantza taldeko kideek eta, ikuskizuna amaitzeko, gazteek bildutako jendea, gonbidatu eta auzokoak animatu zituzten dantzan parte hartzera.
Jende ugari bildu zen Toki Eder-en egoitzan, tartean Gral. Rodriguezeko eta Lujango euskal kolektibitateetako ordezkariak. Jose C. Paz eta San Miguelgo zenbait erakundetako agintariek ere parte hartu zuten eta FEVAren izenean, Hugo Andiazabal lehendakaria bera bertaratu zen, Argentina osoko euskal etxeen federazioaren babesaren ordezkari.
Bazkariaren baitan Maria Angeles Oñederrak esker beroak adierazi zizkien bildutakoei eta bereziki FEVAko lehendakariari. Euskal Herritik, Oñati herriko lagunen zorion hitzak ere irakurri ziren zeremonian. Bere aldetik, Andiazabalek ere eskertu zien euskal etxeko lagunei egiten duten lana eta goraipatu zituen etxean aritzen diren lan taldeak eta batez ere gazteen jarrera.
Oñederrak oroitu zuenez, “bi hamarkada pasatu dira hasi ginenetik eta esan dezakegu gure instituzioan uztartu egiten direla ekintza kulturalak eta solidarioak". "Hori da gure berezitasuna. Komunitateari begirako erakundea gara; guk eman egiten dugu baina asko jasotzen dugu baita ere jendearengadik. Eta horregatik, esker hitzak baino ez ditugu 20 urte hauengatik”, adierazi zuen Oñederrak bazkarian.
Bazkalostean, Toki Eder-eko alkatea (etxe barruko kargua) izendatu zuten. 2016-2017 eperako Blanca Teresita Alfonso izan zen hautatua. ‘Zorionak zuri’ abesteko momentuan, euren kopak altxatu zituzten anfitrioi eta gonbidatuek eta poz handiz egin zuten topa. Arratsaldean, eta Daniel Galfredo musikariaren eskutik, erromeria “lehertu” zen zuzeneko musikarekin. Jaia iluntzera arte luzatu zen.