euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

FEVAk urteko bigarren txistu tailerra egingo du heldu den larunbatean Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean

2007/06/12

Txistu tailerreko ikasle eta irakaslea Buenos Aireseko lehen klasean (argazkia FEVA)
Txistu tailerreko ikasle eta irakaslea Buenos Aireseko lehen klasean (argazkia FEVA)

PUBLIZITATEA

FEVAk antolatu duen Txistu tailer honen helburua honokoa da: 'partehartzaile bakoitzak txistuarekiko zaletasuna eta interesa zabaltzea bere euskal etxean, ikastaroan ikasitakoaren benetazko transmisioa eginez', José Gutierrez irakasleak BasqueHeritage.com-i azaldu dionez. Tailerraren lehendabiziko saioa Buenos Airesen bertan egin zen, apirilaren 28an, eta bederatzi euskal etxeetako ikasleak bildu ziren. Hirugarren hitzordu bat abuztuan, finkatzeke dagoen egun batean, burutuko da.
FEVAK txistu lantegiak bultzatzeko erabakia azken topaketa nazionaletan hartu zuen, Euskal Aste Nazionaletan gehienbat, bertan gero eta ageriagoa den txistularien beharra zegoela ikusi ondoren. 'Txistulari gutxik hartzen dute parte ekitaldi horietan eta euren arteko asko aldi berean dantzariak ere badirenez, beren lana banatu beharrean aurkitzen dira, azaldu dio BasqueHeritage.com-i Miren Arozarena FEVAko idazkariak.

Tailerraren egitarauak hiru saio baitaratzen ditu. Lehendabizikoa joan den apirilaren 28an egin zuten, Buenos Aireseko Laurak Bat zentroan hura ere. Bilera hartan José Gutierrez irakasleak ikas materiala eta entsaiatzeko irizpideak eman zizkien ikasleei, datorren larunbateko bilera bitartean ikasitakoa etxean landu ahal izan zezaten.

Ikastaroaren lehendabiziko hitzordua segitu zuten lagunak hauek izan ziren: José Fernández Brizuela (Gure Txokoa Euskal Etxea, Cordoba); Marianela Rimini Azarola (Euskaldunak Denak Bat, Arrecifes); Nerea Arza (Emakume Abertzale Batza, Buenos Aires); Maria Emilia Cano Goicochea (Euskal Odola Euskal Etxea, Ayacucho); Valeria Magliocchetti (Zazpirak Bat, Rosario); Martín Pablo Larraburu eta Marcelo Guillermo Larraburu (Ibai Guren, Paraná); Lorenzo Bernardo Bucci (Unión Vasca, Bahía Blanca); eta Roberto Aguirre (Eusketxe, Buenos Aires). Hamar ikasleak larunbat honetan bilduko dira berriz, ikastaroaren bigarren saioa egiteko.

Hirugarrena Tandilen, abuztuan

Hirugarren topaketa, azkena aurtengoz, Tandilen izango da abuztuan eta bertan Usurbilgo txistulari talde batek ere hartuko du parte. José Gutierrez irakasleak gure buletinari agertu dionez, ikastaroa txistuaren transmisioa bultzatzeko helburuarekin egiten duten lehendabiziko aldia da hau. 'Egia esan jende askok txistua jotzen ikasi nahi du, baina ez dute ordea txistulari izateko gogorik. Hori gertatu izan da aurretik eman izan ditudan ikastaroetan'. Gutierrez 1990-1991 eta 2000-2001 urteetan eman zituen txistu ikastaroei buruz ari da. 'Ikastaro hauetan jendeak txistua jotzen ikasten zuen, baina norberarentzako esperientzia bezala, ez Euskal Etxeko dantzariei lagunduko dien txistularia izateko asmoz. Helburua orain beste hau da. [Ezkerreko irudian FEVAko tailerreko bi ikasle pieza bat jotzen (argazkia FEVA)]


Lotura interesgarriak

FEVAren webgunea
www.fevaonline.org.ar

Euskal Herriko Txistulari Elkartea
www.txistulari.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia