euskal diaspora eta kultura
2010/03/31
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Testuak "Aberri Eguna (Día de la Patria de los Vascos)" dakar izenburu eta Argentinan, abertzaleenen aldetik ere ohi den moduan, gaztelania hutsean dator. Laburbildurik, Aberri Egunaren ospakizuna Argentinako Maiatzaren 9a edo Uztailaren 9aren ospakizun abertzaleekin alderatzen du, ondoren noiz eta nola sortu zen ekartzeko gogora. Primo de Riveraren diktadura aipatzen du eta 1930a, Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV), eta Eusko Abertzale Ekintzaren (EAE-ANV) abiatzea, Bigarren Errepublikaren garaian.
Gogoratzen du lehenengo Aberri Eguna Luis Arana Goirik, Sabinoren anaiak, 1932ko Berpizkunde Iganderako deitu zuela. Arrazoien artean, Arana Goiri anaiek karlismoa utzi eta abertzaletasunaren ildora eramango zituzten elkarrekiko solasak izan zirenetik 50 urte pasa izana aipatzen du. Baita ere Irlandako Bazkoko Matxinada erreferentziatzat hartu izana, Bretainia Handiatik independentzia lortzeko.
"Ildo horretan, euskal abertzaleek gogora ekartzen dute Nazioari dagozkion eskubideenbaieztapen bakezale eta kolektiboa, baita ere Euskal Herriaren lurralde batasuna, adieraziz gainera helburu hauengatik eta Euskal Herriaren autodeterminazioarengatik borrokan segitzeko borondate apurezina", dio.
Ondoren, lehenengo Aberri Eguna Bilbon izan zela dakar gogora, 1932ko martxoaren 27an, kaleak jendez eta ikurrinez beterik; hurrengo urtean, Donostian; 1934an Gasteizen eta urtebete beranduago Iruñean. Ondotik "denok ezagutzen ditugun zirkunstantzia politikoak medio" urte askotan ezin izan zen ospatu, 1963an gazte talde batek Itsasun ospatzera, Iparraldean, deitu zuen arte.
Aurten, Euskal Herrian, deialdi nagusia apirilaren 4ean Irun-Hendaian izango dela, esaten du, nahiz eta beste hainbat deialdi ere badiren. "Diasporatik, euskal etxe guztiak gonbidatzen ditugu egunaren zerbait oroigarria, festa edo deialdiren bat egin dezaten, Aberri Egun hau jai herrikoia eta gogoetarako aukera izan dadin, alderdi abertzaleen artean hain beharrezkoa den batasuna lortzearren, Nazio bat garen uste irmoa eta autodeterminazio eskubidea dagokigula oinarri".
Testua Cesar Arrondok sinatzen du, FEVArentzat propio egina dela argituz.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus