FEVAk antolatutako euskal etxeen 2018ko lehenengo topaketa Olavarrian egingo da, bertako Gure Etxe Maitea-ko instalazioetan, martxoaren 17 eta 18an. Euskal etxe bakoitzak bi ordezkari baino ezin izango ditu bidali eta partaidetza baieztatzeko epea martxoaren 9an bukatuko da. Gogoratu, bestalde, Ohiko Biltzarra egingo duela FEVAk apirilean hainbat kargu berritzeko, tartean federazioko lehendakariarena. Bi agintaldi beteta, bere lekua utziko du egungo lehendakari Hugo Andiazabalek.
Olavarria, Argentina. Euskal etxeen arteko bi topaketa antolatzen ditu urtero federazio euskal argentinarrak, helburuen artean euskal etxeetako kideek elkar ezagutzea eta beraien arteko harremanak mantendu eta sendotzea egonik; baita erakundeak zuzentzeko trebakuntza ematea ere.
Aurtengo lehenengoa martxoaren 17 eta 18an izango da, Buenos Aires probintziako Olavarria hirian, bertako Gure Etxe Maitea euskal etxea antolatzaile. Bi eguneko elkarretaratzean trebakuntza praktiko eta teorikoa jasoko dute euskal etxeetako ordezkariek, honako egitarau honekin:
Larunbata, martxoaren 17a
-10:30etan, Elkarretaratzearen hasiera eta FEVAko agintarien agurra
-11etatik 13:30etara, Eusko Jaurlaritzaren programa eta proposamenak, Euskadiko Ordezkaritzako Mariana Satostegui teknikariaren eta Nerea Oreka bekadunaren eskutik
-13:30etan, bazkaria
-15etatik 18etara, euskal etxeen arazoak identifikazioa, aztertzea eta irtenbideak proposamena. Ekitaldia Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bateko Ana Idigorasen ardurapean egongo da
-18etatik 18:30etara, atsedena
-18:30etatik 21:30etara, sukaldaritza, mus eta danborrada tailerrak
-21:30etan, afaria (sukaldaritza tailerrean prestatutakoa partekatuko dute bildutakoek)
Igandea, martxoaren 18a
-10etan, larunbat arratsaldeko lanaren jarraipena eta emaitzak
-13etan, azken agur bazkaria.
FEVAk jakinarazten du euskal etxe bakoitzak bi ordezkari bidali ahal izango dituela. Ostatu eta otorduen gastuak FEVAk hartuko ditu bere gain; bidaiarenak, berriz, euskal etxe bakoitzak. Izena emateko epea martxoaren 9an bukatuko da. Parte hartzeko datu hauek bidali behar dira feva2000@fibertel.com.ar helbidera: partaideen izen-abizenak, NANa eta iriste data.
FEVAko lehendakari kargurako hauteskundeak
FEVAren Estatutuek finkatutakoaren arabera, lehendakari, idazkari eta diruzainaren karguak eta lau batzordekide berritu behar dira aurten, 2018-2020ko eperako. Hauteskundeak apirilaren 21ean Laurak Bat Euskal Etxean egingo den Ohiko Biltzarrean burutuko dira. Zerrendak aurkezteko deialdia hauteskundeak baino hilabete bat lehenago zabalduko da.