Neuquen, Argentina. Bi berri on partekatu nahi izan dituzte Neuquen eta Rio Negro probintzietako Confluencia eskualdeko ‘Baskos de la Confluencia’ izeneko Euskal Etxeko lagunek: batetik, dagozkion izapideak bete ondoren, euskal etxea FEVAko bazkide aktibo bihurtu dela; bestea, egoitza iraunkorra lortu dutela, Plottier-en hain zuzen. Maiatzeko bileran jakinarazi zuen onarpena FEVAk, Baskos de la Confluencia-ko erreferenteak ere bertaratu ziren bileran.
Elkartearen egoitzari dagokionez, Euskal Etxearen egoitza ez dago ez Neuquen hirian ezta Cipollettin ere. “Gure kideak Confluencia delako eskualdekoak dira, Plottier herrixkakoak ere bai, eta hori dela eta hor topatu genuen egoitza. Klub bateko areto bat alokatu eta gure estilora apaindu eta egokitu dugu. Aretoak pilota-lekuari begirako leiho bat ere badu eta akordio bat egin dugu lokala erabili ahal izateko; oso pozik gaude!”, adierazi dute elkartekideek.
Berri hauek eta beste batzuk bildu ditu Euskal Etxeak NotiBaskos bere buletin berrian, bigarren zenbakia plazaratu berria. Buletina jasotzeko notibaskosdelaconfluencia@gmail.com helbidera eskatu behar da. Facebooken ere argitaratzen dute lagunek NotiBaskos, Baskos de la Confluencia izenpeko kontuan.