Pergamino, Argentina. Datorren asteburuan, maiatzaren 6 eta 7an, 2023ko lehenengo Euskal Dantza Tailerra egingo du FEVA Argentinao Euskal Erakundeen Federazioak. Pergaminoko Lagun Onak Euskal Etxea gertaleku, Euskal Etxeetako oinezko dantzariei zuzendua da. Azkeneko topaketan ez bezala, honetan parte hartzeko ez da beharrezkoa dantza talde baten zuzendari izatea. Larunbatean, bestalde, FEVAren zuzendaritza batzordea bilduko da Lagun Onak-en..
Bahía Blancako Union Vasca Euskal Etxeko Manu Irastorza eta Viedma eta Patagonesko Aberri Etxeko Josetxu Astolfiren koordinaziopean, Euskal Herriko plaza eta agertoki-dantzak, besteak beste, Soka-dantza, Jota-Fandangoa eta Arin-arina landuko dituzte. Era berean, iaz Olavarrian egindako topaketan garatu zen “Argentinan eta Euskal Herrian, genero identitatea euskal dantzaren eraikuntzan" gaia lantzen jarraituko dute.
Euskal dantzak ulertzen laguntzea
“Datorren asteburuko proposamenean, diasporako dantza taldeetan egun ditugun erronkak hartuko ditugu ardatz, eta, batez ere, euskal dantza, bere jatorria eta gaurkotasuna ulertzen lagunduko diguten tresna eta kontzeptuak partekatzea. Tailer hau apur bat irekiagoa izango da, egungo zuzendariak gogoan hartuz, baina baita euskal etxeetan parte hartzen duten oinezko dantzariak ere, dantza espazio berrietatik transmititzeko asmoa duen jendea", azaldu dio Josetxu Astolfik Euskalkultura.eus-i.