euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

FEVAk eta Unibertsitateak sinatutako hitzarmenari esker euskara Cordobako Hizkuntza Fakultatera iritsiko da

2013/03/04

Cordobako Unibertsitateko Hizkuntza Fakultateko dekano Silvia Barei eta FEVAko lehendakari Ricardo Basterra hitzarmena sinatzen (argazkiaFEVA)
Cordobako Unibertsitateko Hizkuntza Fakultateko dekano Silvia Barei eta FEVAko lehendakari Ricardo Basterra hitzarmena sinatzen (argazkiaFEVA)

PUBLIZITATEA

Joan den ostiralean sinatu zuten hitzarmena FEVAko lehendakari Ricardo Basterrak eta Silvia Barei Cordobako Unibertsitateko Hizkuntza Fakultateko dekanoak. Urrats hau emanda, euskara eta euskal kultura klaseak apiriletik aurrera hasiko dira ematen. Ikastaroak lau hilabetekoak izango dira eta irakasleei dagokienez, Elba Mocoroa eta Noe Fernandez arduratuko dira eskolak emateaz.

Cordoba, Argentina. Martxoaren 1ean, Unibertsitateko instalazioetan eta HABEko babesarekin gauzatu zuten akordioa FEVAko eta Unibertsitateko agintariek. FEVAren izenean, Ricardo Basterra eta Marta Abarretegui bertaratu ziren 'La Docta' ezizenaz ezaguna den hirira, azken xehetasunak adostu eta hitzarmena sinatu ahal izateko. Basterra eta Abarrateguirekin batera, Elba Mocoroa eta Noe Fernandez Gerora elkarteko euskara irakasleak ere izan ziren bileran. Unibertsitateko ordezkariak, berriz, Guillermo Badenes irakaslea eta Hizkuntza Fakultateko dekano Silvia Barei izan ziren.

"Gero eta leku zabalagoa ematen ari zaie 'ezohiko hizkuntzei' unibertsitateko Hizkuntza Fakultatean. Azken urte hauetan juduera, kitxua, txinera, piamontera eta arabiera eskolak sartu dituzte ikastaro eskaintzan eta orain euskara emateko aukera gauzatu da", azaldu diote Cordobako euskara irakasleek EuskalKultura.com-i. “Klaseak ez dira graduko karreren baitan emango eta, beraz, ez dira soilik unibertsitateko ikasleei zuzenduak izango, komunitate osoari baizik”, azaldu du Elba Mocoroak.

Datorren astean egingo dute euskara irakasleek eta Fakultateko arduradunek bilera 2013ko lehenengo ikastaroaren datuak zehazteko. “Ia hilabete osoa daukagu gauzak antolatzeko, ondoren eskolak apirilean hasteko". "Paregabeko aukera da hau euskara eta euskal kultura Cordoban eta batez ere gazteen artean zabaltzeko. Aldi berean azpimarratu nahi dugu ondo baino hobeto hartu gaituztela unibertsitateko ordezkariek. Sinadura bukatutakoan, FEVAko buruzagiek ikurrina oparitu zion dekanoari", adierazi dute Gerora elkarteko Mocoroa eta Fernandez-ek.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia