euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

FEVAk eta Juan de Garayk Argentinako euskaldunei buruzko lanak aurkeztu dituzte Baireseko Liburu Azokan

2007/05/01

Mari Luz Artetxe, Federakundeko lehendakaria, eta Magdalena Mignaburu egilea, FEVAren historiari buruzko liburua aurkezten (argazkia EuskalKultura.com)
Mari Luz Artetxe, Federakundeko lehendakaria, eta Magdalena Mignaburu egilea, FEVAren historiari buruzko liburua aurkezten (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Buenos Aireseko Liburu Azokaren 33. edizioak tarte esanguratsua eskaini die euskal gaiei. Izan ere Argentinako euskaldunen historia eta testigantza jasotzen duten bi liburu aurkeztu dituzte bertan. Horietako bat Juan de Garay Euskal Argentinar Fundazioak argitaratu duen Los vascos en la Argentina. Familias y Protagonismo liburuaren hirugarren edizioa izan da. Besteak, Historia de la Federación de Entidades Vasco Argentinas auka izenburu eta Euzko Argentinar Bazkun Alkartasunaren (FEVA) historia jasotzen du. Aurkezpena joan den apirilaren 24an egin zuten, Azokako Domingo F. Sarmiento aretoan eta bertan izan ziren FEVAko eta Juan de Garayko agintari eta kideak eta Magdalena Mignaburu idazlea, besteak beste.
FEVA, Euzko Argentinar Bazkun Alkartasuna (sic), eta Juan de Garay Fundazioa elkarlanean aritu dira aurten Buenos Aireseko 33. Liburu Azokan euskal kulturaren inguruko ekitaldi egitarau mardula osatzeko. Egitarau horren barruan datozen egunetan honokoak izango dira entzungai eta ikusgai: alde batetik David Lasagabaster, Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetarako errektoreordea, mintzaldi batez maiatzaren 3an, eta bestetik, euskal dantza eta kanta erakustaldia ere eskainiko da, hau maiatzaren 6ean. Aurreko egunetan, FEVAk eta Juan de Garayk euskal gaiei buruzko bi liburu aurkeztu zituzten azokan, joan den apirilaren 24ean hain zuzen.

Mauricio Goyenecheak, Juan de Garay Fundazioko idazkariak eman zion hasiera ekitaldiari. Goyenecheak Juan de Garayk urteetan zehar Azoka honetan izan duen partaidetzaren garrantzia azpimarratu zuen. Jarraian elkarte bereko lehendakari Jorge Zorreguietak Los vascos en la Argentina. Familias y Protagonismo liburuaren hirugaren edizioari buruzko hitz batzuk egin zituen. Liburu hau urteetako ikerketa zabal baten emaitza dela esan zuen, eta 'Argentinan sustraitu diren euskal familia guztiei buruz dagoen informazioa biltzen du'.

Mugarik gabeko liburuak

Ondoren Mariluz Artetxe, FEVAren lehendakaria mintzatu zen. Artetxek aurtengo azokak duen goiburua aipatu zuen 'Mugarik gabeko liburuak', euskal kulturari buruzko lanak aurkezteak duen esangura azpimarratuz. Artetxek Magdalena Mignaburu FEVAren historiari buruzko liburuaren egilea aurkeztu zuen eta euskal argentinar egileak berak bere lanari buruzko hitz batzuk egin zituen. [Ezkerreko irudian Juan de Garay fundazioko idazkaria, Mauricio Goyenechea, ekitaldia aurkezten (argazkia BasqueHeritage.com)]

Magdalena Moujan Otañoren 'Gu ta gutarrak...'

Maiatzaren 7an bukatuko den Buenos Aireseko 33. Liburu Azokan euskal gaia duen beste libururik ere egongo zela iragarri da. Bat, hasteko, Magdalena Moujan Otañoren 'Gu ta gutarrak, a 100 años de Alkar', Diasporari lotutako Pedro Mari Otaño bertsolari handiaren biloba Magdalena Moujan Otaño egile eta, hau maleruski joan den urtean hil delarik, azken honen lehengusu batek, Susana Ardanaz Otañok, anaia Héctor-en laguntzaz bukatua. Ale bat erosi nahi duenak, Azokara bertara edo hona jo dezake.

Bertan liburu berriz agertuko zela iragarri zuen beste bat Alberto Sarramone izan zen, Apellidos Vascos Americanos izeneko bere liburu berria moldiztegitik garaiz ateratzen bazen bederen, Las Provincias standean (2660) hain zuzen. Sarramonek idatzitako beste liburu batzuk Los abuelos vascos del Río de la Plata edo Los Abuelos Vascos que vinieron de Francia titulu ezagunak dira.


Lotura interesgarriak

Buenos Aireseko 33. Liburu Azoka
Apirilaren 16tik maiatzaren 7ra bitartean

FEVA
www.fevaonline.org.ar

Juan de Garay Euskal Argentinar Fundazioa
www.juandegaray.org.ar

Magdalena Mignaburuk FEVAren historiari buruzko liburua dakar
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 16an

Alberto Sarramoneren webgunea
www.sarramone.com.ar


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia