euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

FEVAk eskaintzen duen genealogiari buruzko hitzaldia aurten ere Laura Nobile adituaren eskutik

2011/02/21

Laura Nobile genealogista
Laura Nobile genealogista

PUBLIZITATEA

FEVAren kultur eskaintzaren baitan, bost euskal etxetara zabaldu zuen iaz 'Seme-alabek ahaztu nahi dutena, bilobek gogoratu nahi dute' izeneko mintzaldia Laura Nobilek. Lagun anitz bildu ziren leku bakoitzean interes berezia pizten duen gai honen oinarri eta xehetasunak ezagutzeko, eta proposamenaren arrakastak aurten ere gaia eskaintzera eraman bultzatu du Argentinako Euskal Federazioa. Hitzaldian genealogiaren arloan ikerketak nola egiten diren azaltzen du Nobilek eta euskal genealogian sakontzen duen arren, jarraipideek jatorri guztien iraganean miaketak egiten hasteko balio dute.

Arrecifes, Argentina. Laura Nobilek genealogiari buruzko bere hitzaldiari hasiera emateko erabiltzen duen esaldia, 'Seme-alabek ahaztu nahi dutena, bilobek gogoratu nahi dute', Marcus Lee Hansen irakaslearena da. "Eta izenburua zergatik hautatu dudan esanez hasten dut mintzaldia. Kontzeptuak immigranteen hirugarren belaunaldiak bere sustraietan murgiltzeko duen beharra islatzen du. Hirugarren belaunaldiko partaideak, euren gurasoak ez bezala, argi daukate jaio ziren herrialdekoak sentitzen direla, eta prest daude arbasoen jaioterria eta istorioak ikertu eta ezagutzeko", azaltzen du Nobilek.  

Nobileren hitzaldiak egitura finkoa jarraitzen du beti. Etorkinen eta haien ondorengoen arteko egoera ezberdinak argitu ondoren, interneten dauden baliabideak erakusten ditu genealogistak. “Tresna asko daude eskura bakoitzak bere ikerketa egin ahal izan dezan”, jarraitzen du genealogistak. “Bileretara jatorri askotako jendea etortzen da eta nik ematen ditudan aholku eta datuek edozein jatorriko ikerketa egiteko balio dute. Horren ondoren bai, euskal artxiboetan sakontzen dut. Amaitzeko, eta hitzaldi bukaeran, baldin badaude, publikoaren zalantzak eta galderak erantzun ditut”.

Genealogiaren mundura nola heldu zen

Laura Nobile Buenos Airesen jaio zen eta merkataritza-artekaria da. Genealogiarekiko interesa, Italiako herritartasuna atera nahi izan zuenean piztu zitzaion. “Immigranteen ondorengo askori gertatzen zaion bezala, nik ez nekien zehatz-mehatz zein zen nire birraitonaren jaiolekua. Bera aspaldi, 1894an etorri zen Ameriketara. Jakinminak ikertzaile nekaezina bihurtu ninduen eta denborarekin, gero eta plazer handiagoa joan naiz hartzen ahalegin honetan”, kontatzen dio EuskalKultura.com-i. “Hasieran ez zegoen gaur egun dagoen materiala, egun interneten eskugarri dagoena, diot. Eta zerbait behar bagenuen, leku batetik bestera mugitu behar genuen. Orain asko aldatu da dena. Eztabaida taldeak eta gure artean laguntzeko web gune espezializatuak sortu dira. Hala ere, genealogiari buruzko foroetara harpidetu baino lehen, jadanik dagoen materiala ezagutzea komeni da, bakoitzak bere bidea egin behar du; taldeetako kideak gidariak baino ez dira”, aholkatzen du Nobilek.

Bibliografiari dagokionez, material lagungarri asko dago. “Normalean, immigrazio eta emigrazioari buruzko liburuak hartzen ditut oinarri. Horretaz gain, hemerotekak, udaletako eta nazioko artxiboak, elizetako erregistroak eta erregistro zibilak, web gune espezializatuak, erroldak… dena da baliagarria datu baten bila zaudenean”.

Hamar urteko jarduera

Hamar urte daramatza Laura Nobilek genealogiaren arloan lan egiten eta gaia ondo asko ezagutzera heldu da. Gaur egun, Argentinako Artxibo Nazionaleko lagunen elkarteko diruzaina da, Genealogia eta Heraldikari buruzko Ikerketen Institutuko kidea, NotiGen buletinaren kolaboratzailea, 'Arbaso Galiziarra' indexazio proiektuko koordinatzailea, Genealitalia (Italiako genealogia) taldeko moderatzailea, Argenten (Argentinako Genealogia), 'Diseinu Genealogia' eta  Nazioko Artxiboko Taldeen moderatzailea, eta Genfrancesa (Frantzia eta Iparraldeko genealogia) eta Basque Genealogy (euskal genealogia) taldeetako kide ere bada, batzuk aipatzearren.

Duela urte eta erdi Laura Nobile Arrecifesera mugitu zen bizitzera eta senarraren –Pedro Abarrateguiren– arbasoen datuak bilatzera hurbildu zen Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxera. Berehala etxeko kide bihurtu eta handik aurrera lan handia egiten hasi zen. Zuzendari Batzordean dago, eta liburutegi eta euskal etxeko irratsaioko laguntzailea da. Etxeko web gune eta Facebook kontuaz ere arduratzen da Nobile.

Laura Nobile genealogista 2011 01

[Olavarriako 'Gure Etxe Maitea 'euskal etxean emandako hitzaldia]

FEVAko kultur eskaintza

Euskal etxearekiko engaiamendu handia du genealogistak, baina bere gaia zabaltzeko helburua ez du baztertzen. Izan ere, aurten ere eta FEVAren bidez, hainbat euskal etxetara joango da 'Seme-alabek ahaztu nahi dutena, bilobak gogoratu nahi dute' hitzaldia ematera. "Interesa dutenek FEVArekin jarri behar dute kontaktuan. Behar ditudan baliabideak, proiektagailu eta pantaila baino ez dira. FEVAk bidaia gastuak bere gain hartzen ditu, eta euskal etxe bakoitzaren esku geratzen da ostatua eta janariena,” jakinarazten du.  

“Immigranteen ondorengo garenok ondo dakigu gure arbasoentzat sofrikario handia izan zela euren jaioterria uztea. Hori dela eta haiek utzi eta aldi berean ekarri zituzten tradizio eta ohiturak maite ditugu. Genealogiaren bidez, istorioak berreskuratu ahal ditugu iragan hori ahaztu ez dadin. Nondik gatozen jakiteak aurrera jarraitzeko bidea argitzen digu”, ondorioztatzen du adituak.

Lotura interesgarriak

Euskal Genealogia
www.antzinako.org

Italiako Genealogia
www.genealitalia.com

Frantziako Genealogia
www.genfrancesa.com

Argentinako Genealogia
www.genargentina.com.ar

Familiaren bilaketa
www.familysearch.org

FEVA
www.fevaonline.org.ar



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia