euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

FEVAk deituta lehenengo elkarretaratze birtuala egin dute Erdialdeko eta Hego Amerikako Euskal Etxe eta Federazioek

2020/07/07

Erdialdeko eta Hego Amerikako euskal etxe eta federazioen lehenengo bilera birtuala
Erdialdeko eta Hego Amerikako euskal etxe eta federazioen lehenengo bilera birtuala

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Konfinamendu garaian sortutako hainbat egoera larriri aurre egiteko tresna baliagarria suertatu dira bilera birtualak. Euskal kolektibitatea, ordea, haratago joan da eta harremanak ugaldu eta topagune berriak sortzeko ere ari da erabiltzen batzuetan hain kritikatuak diren tresna teknologiko hauek.

Bi aste ere ez dira, konparazio, Iñigo Urkullu lehendakariak berak bilera antolatu zuela, bere eta munduko euskal etxeetako ordezkarien artean plataforma birtual bat bitarteko. Helburua, Euskal Herritik kanpo dagoen euskal komunitatea pandemia nola bizi ari den jakitea eta sostengu mezu bat helaraztea. Esperientzia honek bultzatuta, Erdialdeko eta Hego Amerikako euskal etxe eta federazioei deitu zien FEVAk uztailaren 4an on line topaketa bat egiteko.

Jaurlaritzaren Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Batzordean Erdialdeko eta Hego Amerikako euskal etxe eta federazioen ordezkaria den Arantxa Anituak azaldu digunez, “Oso bilera polita izan zen; garrantzitsua oso norberaren egoera zein den jakiteko eta elkarri laguntzeko gure jarrera adierazteko. Ados egon gara etorkizunean ere elkarrekin honela biltzen segitzeko; ikusi eta erakutsi ahal izan dezagun Amerikako euskal kolektibitateak zer egiten duen”.

Honakoak herrialde eta euskal etxe partaideak bil ziren lehenengo bilkura honetara:

-Brasil, Oskar Goitia (Eusko Brasildar Etxea, Sao Paulo) eta Pilar Alava (Eusko Alkartasuna, Sao Paulo)
-Kolonbia, Ignacio Izaguirre (Medellingo 'Luis Miguel de Zulategi y Huarte' Euskal Etxea)
-Txile, Gonzalo Arellano (Eusko Etxea, Viña del Mar/Valparaiso), eta Ignacio Bastarrica (Euzko Etxea, Santiago)
-Peru, Alberto Escobal (Euskal Etxea, Lima)
-Uruguai, Maite Bengoa (Haize Hegoa, Montevideo); Miguel Asqueta (Ibai Ondoko Etxea, Carmelo, eta FIVU); eta Luis Zaldua, (Saltoko Euskaldunen Taldea, Salto; eta Montevideoko Euskalerria EEko ordezkari)
-Venezuela, Illargi Uzcanga (Eusko Etxea, Valencia, Carabobo)
-Argentina, FEVAko Zuzendaritza Batzordea: Arantxa Anitua (lehendakaria), Asier Iriberri (lehendakariordea), Carlos Miguelena (idazkaria), Elba Mocoroa (diruzaina), eta  batzordekideak: Marisu Mendizabal, Pablo Pavesa, Luis Carricaburu, Cristina Arregui, Arantxa Zubillaga, Stella Larraburu, Federico Ezkerra, Ana Maria Erausquin, Ana Idígoras eta Juan Jose Olasagastia

Bilera amaitu aurretik Sara Pagola Euskadiren Argentina-Mercosurrerako ordezkariak ere egin zuen bat euskal etxeetako ordezkariekin.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia