euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

FEVAk Biltzar Orokorra eta Euskal Etxeetako buruzagien trebakuntzarako tailerra egin ditu joan den asteburuan

2007/03/22

Iñaki Aramayo, mikroz, komunikazioari buruzko taillerrean, Mariluz Artetxe FEVAko presidentea zutik begira daukala (BasqueHeritage.com argazkia)
Iñaki Aramayo, mikroz, komunikazioari buruzko taillerrean, Mariluz Artetxe FEVAko presidentea zutik begira daukala (BasqueHeritage.com argazkia)

PUBLIZITATEA

Lanpetuta ibili da FEVA joan den asteburuan Buenos Airesen, argentinar hiriburuko Laurak Bat-en egoitzean egin baititu Ezohiko Biltzar Orokorra, Zuzendaritza Batzordeko bilera eta Euskal Etxeetako buruzagiak trebatzeko komunikazio tailerra. Ezohiko Biltzar Orokorrean Zuzendaritza Batzordeko zenbait kide berritzeko hauteskundeak egin eta, espero zen bezala, aurkeztutako zerrenda bakarrak egin zuen aurrera, gehiengo zabalez. Biltzarrarren ondotik, Zuzendaritza Batzorde berritua bildu zen. Bazkalostean, berriz, komunikazio gaiei buruzko bi eguneko ikastaro-tailerrari ekin zitzaion, Iñaki Aramayo kazetariaren eskutik.
Lehenengo hitzordua joan den larunbatean goizeko hamarretan hasi zen Belgrano kaleko Laurak Bat Euskal Etxearen lehenengo solairuko areto handian, bertan bildu baitzen FEVAk deituriko Ezohiko Biltzar Nagusia, besteak beste euskal-argentinar federazioaren Zuzendaritza Batzordeko zenbait kide berritzeko lanetan. Zerrenda bakarra zegoen hautagai eta gehiengo zabalez atera zen. Ondorioz, hautatuak izan ziren Jose Orbaiceta (lehendakariorde lehena), Mariano Ayesa (lehendakariorde bigarrena), batzordekide titular gisa Julio Vaqueriza, Maria Adela Dadet, Juan Pedro Sauré, Hugo Andiazábal eta beste zenbait kargu titular eta ordezko, tartean kontu ikuskatzaileak eta Ohorezko Epaimahaiko partaideak, artikulu honen azkenean zehatz mehatz eta banan bana kargu eta izen-deiturez azaltzen denez.

[Asteburuko ekintzetako beste irudi bat: Zutik mikrofonoduna Iñaki Aramayo, berari so zutik Mariluz Artetxe FEVAko lehendakaria eta Miren Arozarena idazkaria, larunbat arratsaldez eta igande goizez luzatu zen komunikazioari buruzko tailerraren hastapenean (BasqueHeritage.com argazkia)]

Ezohiko Biltzarra amaitu ostean, Mariluz Artetxe FEVAko presidenteak bigarren bilkura bati eutsi zion, FEVAko Zuzendaritza Batzordearen bilkurari hain zuzen, batzordekide hautatu berriak barne. Bildutakoek aurreko bilkurako batzar-agiria onartu, heldutako gutuneria irakurri eta hala zegokionean erantzuteko erabakia hartu, proiektuen arduradun berriak izendatu --kargu mugimenduek hala eskatzen zuten kasuetan-- Lau-Urteko Plana eztabaidatu eta beste zenbait gai tratatu zituzten, tartean Buenos Airesko Liburu Azoka garrantzitsuan aurtengoan FEVAk lehenengoz ezarriko duen standarena.

Euskal Gizataldeen Mundu Kongresua

Aipatu zen, bestalde, heldu den uztailean Bilbon egingo den Euskal Gizataldeen Mundu Kongresua. Aurreko bilkuran onartutakoaren arabera, FEVAk bertaratzeko hauta ditzakeen hiru ordezkariak José Orbaiceta, Mariano Ayesa eta Felipe Eiheragibel izango dira. Horiekin batera, beste horrenbeste gutxienez joango dira Argentinatik, Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzak zuzenean euskal kolektibitateko zenbait pertsona gonbidatu ohi ditu Kongresuan parte har dezaten.

Bazkariaren ondotik arratsaldeko saioari ekin zitzaion, esan nahi baita buruzagien trebakuntzarako ikastaro-tailerrari. Goizeko aurpegietako batzuk erretiratu eta aurpegi berriak agertu ziren, 'normalean baino gaztetasun puntu handiago batez', partaideetako batek iritzi zionez. Bi eguneko saioa zen, larunbat arratsalde eta igande goizeko bi zatitan banatua. Gaia, 'euskal etxe barnean zein kanpora begira hain beharrezkoa egiten den komunikazioaren gaia eta komunikazio plan baten beharra', saioaren aurkezpenean emaileak agertu zuenez. Koordinatzaile, Iñaki Aramayo, La Platakoa, kazetaria eta Euskadi Irratiko korresponsala dena Argentinan.

[EuskalKultura.com-eko zuzendari Joseba Etxarri FEVAren ikastaro-tailerreko partaideen aurrean hizketan ari zela joan den asteburuan, Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean (BasqueHeritage.com argazkia)]

Iñaki Aramayoren larunbat arratsaldeko saioaren hastapenean, EuskalKultura.com-eko zuzendari Joseba Etxarri mintzatu zitzaien bertaratutakoei, euskal kultura eta Diasporaren arloko informazioak ardatz dauzkan interneteko buletin eta webgune honen aurkezpen berri bat eginez. Buletina garatzen ari den aldaketa eta urrats berriak aipatu zituen eta 'guztien artean egiten dugun' emaitza dela esan, 'Diasporatik eta Diasporaren euskal sentsibilitatetik bideratzen den ekimena baita gurea', azaldu zuenez.

FEVAko kargu berriruen zerrenda

Hauxe da larunbat goizean FEVAren Ezohiko Biltzar Nagusian berritutako karguen zerrenda (kargua, pertsonaren izena, zein euskal-argentinar erakunde ordezkatzen duen edo nondik datorren, eta karguaren indarraldia adieraziz):

-Lehendakariorde lehena: José Orbaiceta; bere izenean (La Plata); 2 urte
-Lehendakariorde bigarrena: Mariano Ayesa; bere izenean (Mar del Plata); 2 urte
-Zuzendaritza Batzordekidea (bokala): Julio A. Baqueriza (tit.); Xabier Olaizola (ord.); Acción Vasca de la Argentina; 2 urte
-Zuzendaritza Batzordekidea (bokala): María Amelia Dadet (tit); Simón Enrique Labaqui (ord); Danak Anaiak – Bragado; 2 urte
-Zuzendaritza Batzordekidea (bokala): Juan Pedro Sauré (tit); Pedro Carlos Lafourcade (ord); Colect. Vasca de Concordia; 2 urte
-Zuzendaritza Batzordekidea (bokala): Hugo Andiazabal (tit): Jorge Girolami Armendariz (ord); Arbola Bat –Junin; 2 urte

-Kontu ikuskaria: Jorge Unsain; Chacabuco; urte 1
-Kontu ikuskaria: Antonio Caracoche; Suipacha; urte 1
-Kontu ikuskaria: Juan Ignacio Ostolaza; Lomas de Zamora; urte 1
-Ohorezko Epaimahaia: Juan Gaillour; Mar del Plata; 2 urte
-Ohorezko Epaimahaia: Osvaldo Mouxaut; Villa María; 2 urte
-Ohorezko Epaimahaia: Cristina Arregui; E.A.B.-Rosario; 2 urte
-Ohorezko Epaimahaia (ord): Bautista Errecart; Chascomús; 2 urte
-Ohorezko Epaimahaia (ord): Alej. Iruretagoyena; Macachín; 2 urte
-Ohorezko Epaimahaia (ord): Imanol Bilbao; Río Cuarto; 2 urte


LOTURA INTERESGARRIAK

FEVAren webgunea
www.fevaonline.org.ar

Iñaki Aramayoren bloga eitb24.com-en
http://blog.eitb24.com/vascolaplata

FEVAko euskara arduradunen bilkura Buenos Airesen
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 12an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia