euskal diaspora eta kultura
2010/04/22
PUBLIZITATEA
Posadas, Argentina. Ohar labur batean FEVAko Zuzendaritza Batzordearen izenean Ricardo Basterrak eta Marta Abarrategui idazkariak jakinarazi dutenez, erabakia joan den larunbatean Federazioko buruzagitza organoak egin zuen bileran hartu zen, eta ondorioz Misiones, Argentina ipar-ekialdeko probintziako bi euskal etxeak osoko kide bilakatzen dira, hori baita 'bazkide aktibo' deitura edo egoerak adierazten duena.
Neurria, FEVAko ordezkaritza batek --lehendakaria eta diruzaina-- Misiones-era joan den asteko ostegun eta ostiralean eginiko bidaiaren ondotik heldu da. Honela, ostegunean, apirilaren 15ean, Basterra eta Andizabal Misionesera heldu ziren, eta lehenik Corpus Christiko Eusko Etxea bisitatu zuten.
Poza Misionesko euskal etxeetan
Eusko Etxea-ko ordezkaritza bat joan zitzaien errezibitzera aireportura eta handik Corpusera eraman zituzten. Bertan Eusko Etxearen egoitza bisitatu eta bertako Zuzendaritza Batzordeko kideekin eta bazkide batzuekin mintzatzeko parada izan zuten. Arratsaldeko zazpiak aldera Posadasko kide batzuk etorri ziren eta probintziako hiriburura eraman zituzten. Laurogei bat kilometro daude Corpusetik Posadasera. FEVAko biak hemen ere bertakoe kideekin bildu, Posadasen lo egin eta biharamunean bidaiaren azken zatiari ekin zioten, Euskal Jatorriren errealitatea eta planak ezagututa, hegazkina hartu eta atzera egiteko.
Corpusetik, Eusko Etxea-ko lehendakari den Olga Leiciagak bere poza azaldu zuen egoera berriaren aurrean. Izan ere, hiru urte pasatuak ziren FEVAko kide izateko eskaera egin zutenetik, bitartean kide galdegile edo 'postulante' izan direlarik. Pauso berria emateko paperak aspaldi aurkeztuta eta epea gaindituta, FEVA 'zorretan' zegoela eurekin sentitzen zuten, oraingo neurri eta erabaki honek gauzak zuzendu dituen arte.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus