euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

FEVAk 'Argentinan Euskaraz-en 20. urteurreneko' logotipoa diseinatzeko lehiaketa jarri du abian

2010/03/04

Bahia Blancako euskara taldeak egindako eskolak iragartzeko afixa
Bahia Blancako euskara taldeak egindako eskolak iragartzeko afixa

PUBLIZITATEA

Oso urte berezia izango da aurten euskara eta Argentinako euskaltzaleentzat. Izan ere 'Argentinan Euskaraz' programak 20 urte betetzen ditu eta urtean zehar garatuko diren mota askotako ospakizunak prestatzen ari dira arlo honetan aritzen diren lagunak. Zerrenda luze horren lehenengo aktibitatea urtemugaren ekitaldiak bultzatu eta hedatzeko irudia diseinatzea da. Horretarako 'Argentinan Euskaraz-en 20. urteurrenako' logotipo txapelketa jarri du martxan aste honetan FEVAk. Argentinako euskal etxeetako bazkideak, euskara ikasleak eta irakasleak daude gonbidatua parte hartzera. Saria ere egongo da irabazlearentzat: 250 euro berarentzat eta 250 euroko bonoa bere euskal etxearentzat. Lanak bidaltzeko epea apirilaren 19an bukatuko da.

Buenos Aires, Argentina. Duela hogei urte jaio zen 'Argentinan Euskaraz' proiektua, Argentinan zehar euskara zabaldu zuen programa. Hogei urte hauetan jende askok lan egin du ekimenean, batzuek jarraitzen dute, beste batzuk bidean galdu dira, baina gaur, emaitzak ikusita, inork ez du zalantzan jartzen proiektuaren arrakasta. Argentinako euskal komunitatea prest dago, beraz, ospakizuneko urtea bizitzeko.

Eta lehenengo ekintza logo lehiaketa izango da. Txapelketaren helburua Argentinan Euskaraz-en 20. urteurrenarekin lotutako ekitaldien komunikazio eta zabalkunderako irudi bat sortzea da. Partaideei dagokienez, Argentinako euskal etxeetako bazkideek, euskara ikasleek eta irakasleek har dezakete parte. Taldeka edo banaka aurkez daitezke. Pertsonek zein taldeek nahi beste proposamen aurkez ditzakete.

Logoaren diseinua eta saria

Logotipoaren diseinuak erabilera anitzak izateko modukoa izan beharko du; hainbat formatu edota espaziotan erabiltzeko gaitasuna ere izan beharko du. Irudiaren tamaina 10 cm x 10 cm neurrikoa izango da. Lanak euskarri gogor batean aurkeztuko dira. Aurkeztutako logoen artean bat baino ez da sarituko. Saria 250 eurokoa izango da irabazlearentzat eta 250 euroko bonoa bere euskal etxearentzat, irakatsi eta zabaltzeko materialerako. Federazioak izendatutako epaimahaiak hautatuko du diseinu irabazlea.

Lehiaketara proposamenak nola aurkeztu

Proposamen bakoitza gutun-azal itxian aurkeztuko da. Gutun-azalak “Logotipo lehiaketa” eta identifikatzeko goitizena idatzita izango du. Gutun-azal honen barruan diseinua euskarri digitalean eta paperean aurkeztu behar da, eta horrekin batera beste gutun-azal bat aurkeztu behar da. Honetan eta kanpoaldean, goitizena idatzi beharko da, eta barruan egilearen datuak: izen-abizenak, helbide postala, helbide elektronikoa, telefonoa, euskal etxearen izena, euskal etxearen hiria edo herria. Lanak apirilaren 19era arte --19a barne-- aurkez daitezke, FEVAren bulegoan. Postaz bidali edota norberak ekar ditzake helbide honetara: FEVA “Logotipo lehiaketa”, Lavalle 1718 5º D, (1048) C.A.B.A.

Egile bakoitzari dagokio jabetza intelektuala. Hala ere, aukeratutako lanaren egileak edo egileek FEVAri eskualdatuko diote/dizkiote lan horren erabilera, erakusketa, erreprodukzioa, argitalpena edota lehiaketaren xedearekin bat datorren beste edozein egintza; FEVAk beraz, egoki deritzon edozein formatutan erabili ahal izango du lan hori. Lehiaketan parte hartzeak berarekin dakar oinarri hauek guztiak onartzea.


Lotura interesgarriak

FEVA
www.fevaonline.org.ar

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia