euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

FEVA Euskara arduradunen bilkurak 2007ko plangintzari erreparatu zion Buenos Airesen joan den larunbatean

2007/03/12

Joan den larunbateko bilkura FEVAren Buenos Airesko egoitzan (argazkia EuskalKultura.com)
Joan den larunbateko bilkura FEVAren Buenos Airesko egoitzan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Argentinako Euskara Arduradunen bilera egin zen joan den larunbatean Buenos Airesen, FEVAren (Federación de Entidades Vasco Argentinas edo Eusko Argentinar Bazkun Alkartasuna, elkartearen euskarazko izen ofizialean) egoitzan. Mariluz Artetxe FEVAko lehendakaria buru eta Gabriela Mendia Euskara Arloko idazkaria gidari, hamasei euskal etxetako euskara arduradunek 2007rako plangintzari erreparatu eta urteko lehenengo bilkurari ekin zioten, Argentinan euskara ikastaroak hasteko sasoina den garai honetan.
Hamasei izan ziren FEVAren egoitzan bildutako euskara arduradunak (erreferenteak bertako terminologian), izan ere honako herrietako euskal etxeak ordezkatuz: General Rodríguez, Laprida, Pilar, José C. Paz, Chascomús, Chivilcoy, Tres Arroyos, Río Cuarto, San Nicolás, Mar del Plata, Buenos Airesko Laurak Bat, Paranako Urrundik, Chacabuco, Buenos Airesko Euskaltzaleak, Rosario eta Cañuelas. Guztiak Buenos Aires probintziakoak, Kordobako Río Cuarto, Entre Ríos-ko Urrundik paranatarra, Santa Feko Rosario eta hiriburu federaleko Laurak Bat eta Euskaltzaleak ezik. Horiekin batera aritu ziren Mariluz Artetxe, FEVAko lehendakaria, eta Gabriela Mendia, erakunde bereko Euskara idazkaria.

Bildutakoek Argentinako euskara eskolen egoerari gainbegirada eman eta 2007 urteko plangintza hartu zuten aipagai. Mariluz Artetxe lehendakariaren solasaren ondotik eta ordezkari bakoitzak bere burua aurkeztu ondoren, Gabriela Mendiak eutsi zion hitzari. 2007 urteko egitarauari dagokionez, honako datak azaldu zituen, besteak beste, aurtengo azpimarragarri euskara irakasle argentinarren prestaketaren arloan:

Ekitaldiak euskara ikasle eta irakasleentzat

Diaspora-I eta Diaspora-II urruneko ikastaroak, martxotik uztaila bitartean egiteko direnak; udako barnetegia, joan den urtarrilaren 10etik 20ra bitartean egin zena; neguko barnetegia, uztailaren 21etik 28ra oraindik finkatu gabeko herri batean egingo dena; mintza praktika ekitaldi bi, maiatzaren 12an eta azaroaren 10ean; jardunaldi pedagogikoak, apirilaren 14 eta 15ean eta abuztuaren 12 eta 13an; kultur trebakuntza ikastaro bat, uztailaren 21etik 28raino.

Publikoari zabaldutako ikastaro arruntak, berriz, euskal etxeetan garatuko dira, gehienbat; baita ere Lavallol eta Sarandi-ko Euskal Echea Institutuetan; eta Unibertsitatean, oraingoz euskarari dagokionez bakarrean, Buenos Airesko Unibertsitatean (UBA). Orotara 35 haur talde dira ikasle ibiliko direnak, eta beste ehun bat, helduen taldeei dagokienez.

Euskara ezagutaraztearen alorrean, euskaldunen hizkuntzak presentzia propioa bilduko du Buenos Aires-ko Liburu Azoka famatuan, maiatzaren 2 eta 3an; uztailaren 19tik 21ra Hizkuntzen Biltzarrean ('Congreso de laS LenguaS' delakoan) hartuko du parte; Txikien urteroko elkarretaratzea egingo da Lavallol-en, aurten irailaren 1ean; Rosarioko Euskal Aste Nazionalean stand propioa ezarriko da hizkuntzari lotua, urriaren 5etik 7ra arte; eta abenduaren 3an Euskararen Egunarekin batera ekimen desberdinak bultzatuko ditu hainbat euskal etxerekin batera, baita Euskal Herriarekiko konexioan ere.


Lotura interesgarriak

FEVAren web gunea
www.fevaonline.org.ar

Buenos Aires-ko Laurak Batek euskara eskolak hasiko
EuskalKultura.com-en 2007ko martxoaren 7an argitara emana

Buenos Aires-ko Euskaltzaleak eta 2007ko euskara ikastaroak
EuskalKultura.com-en 2007ko martxoaren 6an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia