Duela urtebete aurkeztu zuen Marita Echavek 'Euskal baserrietako sukaldaritza' liburua Coronel Moldeseko Gure Zainak euskal etxean. Epe honetan, inguruko beste herri batzuetan eta baita Buenos Aireseko Liburu Azokan ere izan du Echavek euskal sukaldaritzako errezeta tradizionalenei buruz hitz egiteko aukera. Orain, berriz, eta FEVAren kultur eskaintzaren baitan, euskal etxez etxe doa sukaldari cordobatarra euskal janariak prestatzen. Abuztuan La Plata, Chascomus, Castelli eta Chacabuco bisitatu zituen herri bakoitzeko publikoarekin sukaldeko sekretuak konpartitzeko asmoarekin.
La Plata, Argentina. La Platako bere egonaldian Lazkao jatetxean eman zuen Marita Echavek 'Euskal baserrietako sukaldaritza'-ri buruzko hitzaldia. Mintzaldiarekin batera, abuztuaren 19an izen bereko bere liburua aurkeztu zuen Buenos Aires probintziako hiriburuan. Hitzordu honetan, Lazkao jatetxeko jabe eta chef-a den Jose Boccardok prestatu zituen plater batzuk – tartean baratxuri-zopa, mingaina Gipuzkoako erara, perretxikoak eta madariak ardotan, batzuk aipatzearren -- publikoak dastatu ahal izateko.
[Marita Echave eta Jose Boccardo sukaldariek euren euskal platerak partekatzen publikoarekin]
Abuztuaren 20 Chascomusera abiatu zen Coronel Moldeseko sukaldaria. Zingirako Euskaldunak euskal etxean, eta bertako sukaldari taldeak lagunduta Echavek sukaldi-gisatua eta goxoak prestatu zituen etxeko sukaldean. Hitzaldian, Echavek kontatu zien bildutako lagunei nolakoak ziren euskaldunen jateko ohiturak eta batez ere, zer nolako eragina izan zuten ohitura horiek Argentinako zelaiko sukaldaritzan.
[Marita Echave Chascomuseko sukaldariekin lanean]
“Beti bezala, era didaktiko eta interesgarri batean azaldu ditu Echavek errezetak eta istorioak”, adierazten dute Chascomus-eko euskal etxetik. Liburuaren aurkezpena bukatu eta gero, Zingirako Euskaldunak-era hurbildu ziren guztiak plater hauetaz gozatu ziren. “Ekintza honekin gure talde gastronomikoak bere lehenengo pausoa eman zuen”, azpimarratzen dute Chascomustarrek.
[Lagun ugari hurbildu ziren Chascomuseko euskal etxera 'Euskal baserrietako sukaldaritza' liburuaren aurkezpenean parte hartzeko]
Egitaraua bera gauzatu zen abuztuaren 21ean Castelli hirian. Amalia Oyarbide euskal etxeko lehendakariak gonbidaturik, Marita Echave Buenos Aires probintziako herri hau ere bisitatu zuen bere biran. Oraingoan ere liburuaren aurkezpenarekin batera, Cordobako sukaldariak prestatutako janari gozoa dastatu zuen publikoak.
FEVAren babesarekin burutu zen bira hau Chacabuco herrian bukatu zen abuztuko 27an. Guillermo Larregui euskal etxean, Elvira Guruceaga de Pavesa lehendakariaren eta euskal etxeko beste kideen laguntzarekin, Echavek sukaldi-gisatua, limoi pastela eta gozoak prestatu zituen. Jende ugarik hartu zuen parte Echaveren liburuaren aurkezpenean. Hitzaldia bukatuta, sukaldari eta publikoak eguneko menua partekatu zuten.
“Esan beharra daukat herri guztietan ondo baino hobeto pasatu dudala”, adierazi du Maria Echavek. “Giro ederra egon da hitzaldietan; gure arbasoen egiten zuten bezala geu ere eseri ginen mahaiaren inguruan hitz egin eta gure istorioak konpartitzeko, beti plater eder bat jaten, jakin. Errezeta hauek gorputza baino gehiago arima elikatzen dute”, azaldu du 'Euskal baserri sukaldaritza' liburuaren egileak.