euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Festak eta San Fermin giroa gailendu dira azken egunotan Argentinako euskal eta nafar etxeetan

2014/07/11

2014ko sanferminak Argentinako euskal eta nafar etxeetan
2014ko sanferminak Argentinako euskal eta nafar etxeetan

PUBLIZITATEA

Gero eta sendoagoa da Argentinan sanferminak ospatzeko ohitura. Iruñea zaharraren bihotzean sortzen den olatu gorria Argentinako bazterretara ere iristen da, hiri eta herrietako euskal eta nafar etxeetara. Baina urtero uztailaren 9a (Argentinan jai, bertako Aberri Eguna) barne dela garatzen diren ospakizunetan, Nafarroako festa nagusiak Argentinako koloreei ere uzten die lekutxo bat eta zahato eta buruhandien artean, Independentziaren Egunaren 198. urteurrena ere ekarri da gogora azken egunotan egindako euskal-argentinar elkarretaratzeetan.

Buenos Aires, Argentina. Mota askotako ekintzak egin dira Argentinako euskal eta nafar etxeetan 2014ko Sanferminak ospatze aldera. Eta Iruñean festa pil pilean dagoen bitartean, Argentinako sanferminzaleek ez dute ia ezer faltan botatzen euren inguruetan antolatutako jaiei esker. Iruñeko irudiak bezala, Argentinako sanferminetakoak ere ari dira sare sozialetan zabaltzen. Hona hemen fenomenoaren isla:

2014ko San Fermin II Centro Navarro Bs As 01

[Buenos Airesko Nafar Etxeak elizkizunak antolatu zituen uztailaren 7an. Mezaren ostean, euren egoitzan bildu ziren lagunak pintxoak dastatu eta dantza egitera. Ohiko bazkaria, berriz, uztailaren 9an izan zen. Txupinazoak eman zien hasiera festari eta dantzaldiari. Kalean dantzariek ez ezik, kiliki eta buruhandiek ere dantzatu zuten. Bazkaldu eta gero, ikuskizunak egoitzako areto nagusian jarraitu zuen paella eder bat eta musika ikuskizun batekin (argazkiaNE)]

2014ko San Fermin II Centro Navarro Bs As 02

[Chascomus hirian Zingirako Euskaldunak euskal etxeak izan zuen San Fermin bazkaria antolatzeko ardura. Festa uztailaren 6an izan zen Marcha delako erakundearen instalazioetan eta ehundik gora lagun biltzeaz gain, txupinazoarekin, zuzeneko musikarekin eta euskal dantzekin omendu zuten chascomustarrek Nafarroako Santua (argazkiaEE)]

2014ko San Fermin II Pringles 03

[Coronel Pringlesko Eusko Biltzar Euskal Etxeak San Fermin eta Argentinako Independentziaren Eguna ospatu zituen programa oparo batekin. Uztailaren 7an, ‘Hay vuelta de hoja’ liburu erakusketaren inaugurazioa egin zuen, hiriko alkate Carlos Oreste lagun. Zeremonian euskal dantzak dantzatu zituzten etxeko gazteek. Jose Olasagastia Eusko Biltzar-eko lehendakariak hitz batzuk zuzendu zizkion publikoari: “Gaur Sanferminak eta uztailaren 9a, Argentinako Independentziaren eguna, ospatzen ari gara, etorkizun hurbilean Euskal Herriak bere Independentziaren Eguna ere izango duelakoan”, esan zuen (argazkiaEE)]

2014ko San Fermin II Gral Roca 05

[Rio Negroko probintzian, General Rocako euskal gizataldea ere bildu zen San Fermin eta uztailaren 9a ospatzeko. Bazkaria Gure Etxea Euskal Etxean izan zen eta menua, etxekoek prestatutako paella (argazkiaEE)]

2014ko San Fermin II Gral Roca 04

[Eta tandildarrek ere izan zituzten euren sanferminak: meza, lore sorta Gernikako Arbolaren kimuaren oinarrian eta txupinazoa etxeko balkoitik. Eta hori hasiera baino ez zen izan. Bazkalostean dantzaldi ederra oparitu zizkieten Gure Etxeako dantzariek bildutakoei (argazkiaEE)]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia