Renato Garcia Egusquiza, Kubako Euskal Etxeko presidentea, Aberri Eguneko ospakizunean artxiboko irudi batean (argazkia Kuba EE)
Habanako "Asociación Vasco Navarra de Beneficencia" elkarteak -Kubako Euskal Etxeak, alegia- bere sorreraren 138. urteurrena ospatuko du datorren uztailaren 12an. Elkartean festa handi bat ari dira prestatzen egun horretarako, Habanako Rumbaren Jauregian. Ekitaldian elkarteko Ohorezko Bazkide izendatuko dute William C. Douglass (Center for Basque Studies, Reno) antropologo eta euskaltzale ipar-amerikarra. Horrez gain, kontzertuak, repentistak eta bazkide eta lagunentzako bazkaria ere egongo dira.
Habana, Kuba. Kubako Euskal Etxea buru-belarri dabil egunotan bere 138. urteurreneko festa antolatzen, elkarteko presidente Renato Garcia Egusquizak EuskalKultura.com-i iragarri dionez. Festa uztailaren 12an egingo da eta ekitaldi horretan bertan elkarteko Ohorezko Bazkide izendatuko dute William Douglass, Renoko Unibertsitateko irakasle emeritoa eta euskaltzale sutsua.
Douglassek euskal kultura sakon ikertu du eta azken urteotan Kubako Euskal Etxearekin lankidetza estua izan du, hainbat mintegi eta jarduera antolatuz. Elkarteak Douglass ohorezko bazkide egitea erabaki zuen 2014ko Batzar Orokorrean, ipar-amerikarrak euskal Diasporaren ikerketan egin duen lan handia eskertzeko.
Runbaren jauregian
Urteurren festa Habanako Runbaren Jauregian egingo da eta elkartea egitarau mardula ari da prestatzen: Septeto Habanero, Kubako son talderik ezagunenetakoa (1920an sortua), repentistak eta jazz laukote bat (kideetako bat elkarteko bazkide da, gainera!).
Horrez gain, bertara biltzen diren bazkide eta lagunentzat bazkari bat egingo da. Elkarteak gonbidapena Kubatik dabiltzan euskaldunei ere luzatzen die: "beti bezala ateak irekita edukiko dituzte guragana etorri eta urteurrrena giro ederrean ospatzeko".
San Ferminak Habanan
Bestalde, elkarte kubatarra San Fermin eguneko ospakizuna ere ari da prestatzen. Elkarteko festa jendetsuenetakoa izan ohi da eta giro bikainekoa, gainera. Aurtengoa Habanako Parque Metropolitano delakoan egingo da, lehen Almendares parkea zena. Piknik estiloko festa izango da eta bertara biltzen direnek San Ferminetako abestiak abestu eta nahi adina dantza egin ahalko dute.
Amaitzeko, elkarteak Kubako euskal historia arakatzen jarraitzen du eta irteerak egiten dituzte bazkideek euskaldunekin zerikusia duten gune historikoetara edo Kubaren garapen ekonomikoan zerikusia izan zuten euskal familiak egon diren lekuetara.