euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Festa giro paregabea General Rodriguezeko Eusko Aterpearen 25. Urteurreneko Koru Topaketan, partaidetza bizia nagusi

2024/07/02

25. Urteurreneko topaketako hiru abesbatzetako kideak, Gral. Rodríguezeko Eusko Aterpeako lagunekin, joan den ekainaren 30ean
25. Urteurreneko topaketako hiru abesbatzetako kideak, Gral. Rodríguezeko Eusko Aterpeako lagunekin, joan den ekainaren 30ean

PUBLIZITATEA

General Rodríguez, Argentina. Eusko Aterpeak bere mende laurdena ospatzeko antolatu dituen ekitaldien barne, 25. Urteurreneko Koru Topaketa burutu zuen joan den igandean, ekainaren 30ean, bere egoitzan. Hiru kantu-talde gonbidatu zituen, Buenos Airesko Liniers auzoko EnReDo Vocal, Adolfo Rodríguez zuzendari, San Telmoko Euskaltzaleak Euskaltegiko Abesbatza, Ana Etchepare zuzendari; eta Gral. Rodríguez bertako Coral de Un Tiempo, Paula Artigas zuzendari. Hiruek emanaldi zinez txalotua eskaini zuten eta, kontzertua emateaz gain, ondotik ere kantuan jarraitu zuten, ekitaldia egiazko jai partekatu eta bizia bihurtuz. Musikak dantzara deitu zuen eta berehala hasi ziren polka, txakarera eta zamba ere. Erromeria-peña sortu zen, eta, txoripanak eta ardoa tarteko, topaketa, giro ezinederragoan gauera arte luzatu zen.

 
Eusko Aterpearen izenean, Raul Taretto, Kika Vicente eta Susana Echezarreta eskerrak ematen koruetako zuzendariei

General Rodriguezeko bazkideek kafe bero batekin hartu zituzten bisitariak, abeslarien eztarria hidratatzeko eta, hotzari aurre eginez, ikuskizunaz gozatzera hurbildutako publiko guztiari suspergarria ematearren. Baziren Lujanetik heldutakoak, baita José C. Pazeko Toki Ederretik eta Buenos Airesko hiriburutik ere. Zeremonia-banderak sartu ondoren, Eusko Aterpea-ko Raul Taretto Larghi lehendakariak ongietorria eman zien bertaratutakoei eta kontzertua hasi zen.

 
General Rodriguez-ko Coral de un Tiempo, koru anfitrioia

Paula Artigasek zuzendutako Coral de un Tiempo koru anfitrioiak Lisandro Aristimuñoren "Tu nombre y el mío"; Jorge Drexlerren "Tinta y tiempo" eta  “Quimera”; Gardel eta Le Peraren "Cuando tú no estás"; eta Guillén eta Greneten "Tú no sabe inglé" abestu zituen.

 
Buenos Airesko Euskaltzaleak Euskaltegiko Abesbatza

Buenos Aires hiriburutik etorritako Euskaltzaleak elkarteko koruak, Ana Etchepareren zuzendaritzapean, euskal kantutegiko abesti ezagunak eskaini zizkien bertaratutakoei. Izan ere, Agurra", “Lo hadi aingürüa”, "Ematen diguzu bakea","Kinkiri kunkuru" eta “Eusko gudariak” kantatu zituen.

 
Silvia Barrera, Marta Sánchez, Verónica Cicchitti, Pablo Barrios y  Adolfo Rodríguez, EnReDo Vocaleko partaideak

Azkenik, EnReDo Vocal abesbatzak, Adolfo Rodriguezen zuzendaritzapean, Chacho Echeniqueren “Doña Ubenza” huainoa; Tejada Gómez eta Cuchi Leguizamónen “Zamba del laurel” ; Ernesto Villavicencioren “San Juan por mi sangre” baltsa; Jorge Fandermoleren “Oración del Remanso”; eta 'Chacarera trunca' abestu zituen.

 
Abestu ondoren, dantzari ekiteko aukera. Irudian, Polka Pik

Egitarau ofiziala txalo zaparrada biziz amaitu zen, baina ospatzeko gogoa goren-gorenean zegoen. Txoripanek indarrak biziberritu zituzten, eta José C. Pazeko Euskal Etxeko Oscar García eta Fernando González dantzari gazteek Polka Pik ikasteko errondan parte hartzeko gonbitea luzatu zieten bizi-bizi parte hartzeko gogoz antzematen ziren hurreratutakoei. Dantzatzen hasi eta berehala egin zitzaien bidea txakarera, zamba eta fandangoei ere, eta baita beste abesti askori ere, kantariek eta ekitaldirarekin bat egindako publikoak batera abestuak. Gomutatzeko moduko gaua izan zen!

Zorionak Eusko Aterpea!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia