euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Festa, bozkario eta atxikimendu handiz ospatu du bi astez Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak bere 80. urteurrena

2023/07/19

Gernikako Arbolaren kimua landatzen Mar del Platako Primavesi parkean, tartean Eusko Jaurlaritzako eta FEVAko agintariak, Denak Bat Euskal Etxeko agintari eta kideekin batera
Gernikako Arbolaren kimua landatzen Mar del Platako Primavesi parkean, tartean Eusko Jaurlaritzako eta FEVAko agintariak, Denak Bat Euskal Etxeko agintari eta kideekin batera

PUBLIZITATEA

Mar del Plata, Argentina. 80. urteurreneko ospakizunek kultura, kirol eta gizarte jarduera ugari bildu dituzte uztail erdialde honetan Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak hain berezia duen data esanguratsu hau behar bezala ospatzeko muntatu den programa osatuz. Lagunak ere franko bildu dira eta bazkide eta herritarrekin, eta bertako agintariekin batera, parte hartu nahi izan dute eta bertaratu dira Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta FEVAko buruzagiak, baita Argentinako hainbat euskal etxetako kide eta ordezkariak ere.

Gernikako hiru kimu berri dagoeneko hazten   

Joan den larunbat goizean, uztailaren 15ean, hiriko Primavesi Parkean, Gernikako Haritzaren bigarren kimua landatu zen, aurreko asteko ostiralean, hilaren 7an, .San Sebastian Eskolan landatutakoaren ondotik. Argentinako euskal komunitateko ordezkari bertaratu ziren Denak Bateko lehendakari Gustavo Elichiribehety, FEVAko lehendakari Arantxa Anitua eta FEVAko 2. lehendakariorde Asier Iriberri, besteak beste.

Hiriko eta tokiko buruzagien artean bertan ziren Guillermo Montenegro udal intendentea, Hiri Zerbitzuen Udal Erakundeko presidente Sebastian D 'Andrea eta Udaleko Espazio Berdeen zuzendari Susana Letamendia. Eta hirugarren baina ez azken, Eusko Jaurlaritzaren aldetik, bertaratu ziren Euskadiren Argentina-Mercosurreko ordezkari Sara Pagola eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu.

Eskerrik asko, Tandil!

Joan den astelehenean, uztailaren 17an, Dardo Rocha plazan, Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeko basotze proiektu “Legatua eta Ondarea”ren lankidetzari esker eskuratutako hiru kimuetako hirugarrena landatu zuten. Ekitaldiko partaide izan ziren, besteak beste, Gustavo Elichiribehety eta Arantxa Anitua, eta kimua lurrean finkotzeko azkeneko palakada Denak Bat elkarteko bazkide ezagun batek, Mirta Carbonellek, egin zuen.

 
Ezkerretik eskuinera, Denak Bateko idazkari Martin Uribarri, FEVAko lehendakari Arantxa Anitua, Euskadiren Argentina-Mercosurreko ordezkari Sara Pagola, Mar del Platako intendente Guillermo Montenegro, Denak Bateko lehendakari Gustavo Elichiribehety, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez, FEVAko 2. lehendakariorde Asier Iriberri, Gune Berdeen zuzendari Susana Letamendia, eta EmSurreko presidente Sebastián D 'Andrea.

Musa, Pilota, Squasha eta Gimnastika

Kirol arloan, erronka ugari jokatu ziren urteurrenaren karietara. La Platako Gonzalo Mirandak irabazi zuen "Torneo Satélite PSA-Copa Aniversario del Centro Vasco" txapelketa, Mus Txapelketa Aitor Sarasua eta Gustavo Parodi bikotearen esku geratu zen bitartean. Ikusleek Pilota Txapelketaren finalaz gozatu zuten, Iker Garay eta Julián Stabón bikotea Ricardo Frugoni eta Lautaro Ercillaren aurka berdinketan amaitu zen partidan. Eta ehun bat atletek hartu zuten parte Guadalupe Mendiola eta Florencia Guerra irakasleek koordinatutako 80. Urteurreneko gimnastika txapelketan, benetako ikuskizuna eskainiz.

 
Gimnastika Artistikoaren 80. Urteurreneko txapelketan parte hartu zuten atletak, oroitzapen dominekin

 
Mar del Platako Denak Bateko kideak, FEVAko ordezkariak eta Jaurlaritzakoak, 80 urteko opila erdian

FEVA bilera, Jaia eta Urteurreneko opila

Joan den larunbat arratsaldean, FEVAko Zuzendaritza Batzordea bildu zen, ordezkari ugari lagun, Euskal Etxearen egoitzan. Bilera amaituta, hainbatek kuttun eta estima berezian duen Dantzari Ohiaren Jaia egin zen. Gau gogoangarri batean, Mar del Platako belaunaldi guztietako dantzariek hartu zuten parte, eta Argentinako beste euskal etxe batzuetatik etorritako asko ere igo ziren oholtzara. Igandean, Denak Bateko kide eta lagunak Urteurreneko Bazkarian elkartu ziren, azken topa egin eta agur esateko 80. urteurreneko ospakizunei.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia