Aktibitate ugari egin ditu urte hasieratik Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeak bere 25. urtebetetzea ospatzeko. Asteburu honetan, ordea, urteko ospakizun nagusia dator: irailaren 10 eta 11erako asteburu osoko programa antolatu du instituzioak, eta hiriko euskal kolektibitatea ez ezik, hainbat euskal etxetako dantzariak ere espero dituzte chascomustarrek efemeridea lagunez inguratuta ospatzeko.
Chascomus, Argentina. Urte osoko programa ari dira garatzen Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeko lagunak euren erakundearen bigarren sorreraren 25. urteurrena ospatzeko. Azken hilabete hauetan, euskal egutegiko data nagusiak –Aberri Eguna, Gernikako Bonbardaketaren urtemuga, San Fermin jaia...– ospatzeaz gain, anitz proposamen bultzatu dituzte euskal etxean giroa bizi-bizi eta erabat aktiboa mantentzeko.
Azken asteotan egindako ekintzen artean aipatu behar da abuztuaren 20tik 27ra "Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik" erakusketa ikusgai ipini zutela hiriko Brazzola antzokian. Abuztuaren 20an izandako inaugurazioan, Daniel Oiarbide irakasleak euskarari buruzko hitzaldi bat eskaini zuen.
Ekitaldi nagusia
Ospakizunekin jarraituz, ordea, gonbite berezi bat luzatu dio Euskal Etxeak orokorrean euskal-argentinar komunitateari datorren astebururako. Irailaren 10 eta 11ean bertaratzen direnek "benetako euskal jaien giroaz gozatu ahal izango dute"la agindu du Chascomus aintziren ertzean dagoen hiria egoitza duen Euskal Etxeak. Asteburuko programa hauxe agindu dute:
Irailaren 10ean, larunbata:
Egunean zehar, ordezkaritzen harrera
-18:00etan, Esker emate meza
-19:00etan, Dantza erakustaldia Independentzia Plazan, Eusko Hazia dantzari talde anfitrioiko eta dantza talde gonbidatuen esku
-19:30etan, Kalejira hiriko kaleetan barrena
-21:00etan, Erromeria eta dantzaldia Club Bochistico Independiente delakoaren instalazioetan (Garay kaleko 70. zenbakian)
Irailaren 11ean, igandea:
13:00etan, herri-bazkaria Club Bochistico Independiente-n
Kanpotik lotara datozenek ‘La Puerta’ kanpinean hartuko dute ostatua, 4-6 pertsonarentzako geletan, eta oheko arropa ekarri beharko dute. Antolakuntza lanak errazteko, Zingirako Euskaldunak-etik eskatzen zaie oraindik hala egin ez duten euskal etxeei lehenbailehen abisa dezaten zenbat lagunekin bertaratuko diren, zein ekintzatan hartuko duten parte eta zein ordutan iritsiko diren Chascomusera. Informazioa cvchascomus@yahoo.com.ar helbidera bidali behar da.