euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ferranddo Aire Xalbador bertsolari urepeldar handiaren jaiotzaren 85. urteurrena beteko da biharko egunez

2005/06/18

Xalbador eta Mattin Estatu Batuetan, 1960 urtean
Xalbador eta Mattin Estatu Batuetan, 1960 urtean

PUBLIZITATEA

1920ko ekainaren 19an jaio zen Ferranddo Aire Urepele-Xalbadorrenean. Familiako ohiturari jarraiki, etxearen izena hartu zuen Euskal Herriko bertsolari ezagun eta maitatuenetariko bat bihurtuko zen gazteak. Diasporarekin harreman oso estua izan zuen Xalbadorrek, familiako kide asko --aitona, aita, semea-- Estatu Batuetara lan bila jo behar izan zutelako. Bere olerki eta bertsoetako asko internetez kontsulta daitezke gaur egun.
Euskal Herriko bertsolari mirestuenetarikoa, bere kantatzeko era malenkoniatsu eta sentimenduz beteak euskaldun askoren bihotzean leku berezia eman dio Xalbadorri. Urepelen jaio zen 1920an eta bertan hil 1976ean. Artean Euskal Herriko plaza ugari korritu zituen kantari, baita Estatu Batuetako hainbat ere. Diaspora gertutik ezagutu zuen Ferdinand Airek, familiako kide askok Ameriketara joan behar izan baitzuten lan eskasiak eta beharrak eraginda.

Xalbadorrek berak ere ezagutu zuen Amerika, baina bertsolari gisa. Bertan jazotako pasadizo bat dakar gogora testuko argazkiak. 1960an Xalbadorrek eta bere lagun mina zen Mattinek, tourra egin zuten Kalifornian zehar, eta Saratogako Wild Wood Parken ospatzen zen piknik batean jaiki eta eskenatokira jo zuten bertso batzuk botatzeko, San Franciscoko euskaldunek gonbidatuta. Ikuslegoa --garai hartan euskaldun eta biarnotarrez osatua egonik-- euskaraz ulertzen ez zuten biarnesek mikrofonoak itzali eta ikuskizuna halamoduz bukatu beharrean izan ziren, bertako euskaldunak zinez asaldatu eta nahigabetuz.

Gau horretan bertan, ordura arte 'frantses' piknika zen hartan ibilitako euskaldun talde bat bildu eta euskaldunek euren kultur ekitaldi bereziak egiteko parada eta aukera propioa behar zutela erabaki zuten. Bilera honetatik sortu zen egun San Francisco Basque Club deritzona.

Xalbadorren semea, Mixel, bertsolaria bera ere, Kalifornian ibili zen artzain. Xalbador handiak emigrazioaren sentimenduak ederki islatzen dituzten kantuak egin zituen Urepelen, semea Kaliforniatik ez zela inoiz bueltatuko beldurrak atsekabetua. Semea bueltatu zen handik urte batzutara, baina Xalbadorrek orduko eta gaurko Diasporako euskaldunak hunkitzen dituen kanta sorta egina zuen dagoeneko.


Lotura interesgarriak

Xalbadorren bibliografia eta estekak
www.armiarma.com

Xalbadorren bertsoak
Literaturaren zubitegian

Xalbador eta San Frantziskoko Euskal Etxearen sorrera
www.basqueclub.com/history

'Odolaren Mintzoa, Xalbadorren lanaren berrargitalpena'
Euskalkultura.com-en 2004ko urriaren 12an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia