euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Fermin Muguruzak Paris, Bartzelona, Los Angeles, Mexiko, Caracas eta Habanan joko du apiril eta maiatzean

2007/03/16

TalkaTour 2007 biraren promozio afitxa
TalkaTour 2007 biraren promozio afitxa

PUBLIZITATEA

Hiru urte birarik egin gabe eman ondoren Ameriketako zein Europako hainbat herrialde bisitatuko ditu Fermin Muguruzak datozen hilabeteetan. 'Talka Tour 2007' izeneko birarekin eta 'Afro-Basque Fire Brigade' talde berriarekin itzuliko da musikaria. 'Euskal Herria Jamaika Clash' lanaren abestiekin batera abeslari irundarrak musika munduan eman dituen hogeita bost urteetako lan ezagunak ere eskainiko ditu publiko zaletuaren gozagarri.
Hamabi egunetan burutuko dute biraren zati europarra, apirilaren 18an Parisen hasi eta hamabi egun geroago Iruñean amaituz. Bien bitartean Muguruza kontzertuan ariko den tokiak hauek dira: Tolosa (Frantzia) 19an, Durango (EH) 20an, Donibane Garazi (EH) 21an, Bartzelona (Katalunia) 26an, Vigo (Galizia) 27an eta Benicassim (Valentzia) 29an. Maiatzean, berriz, Ameriketarako jauzia emango du Muguruzak, Kuba, Mexiko, Venezuela eta Estatu Batuak bisitatuko dituelarik.

Ameriketan, AEBetan ekingo die kontzertuei, baina oraingo honetan Mexikok izango du musikariaren arreta berezia, izan ere, hiru baitira Mexiko DFn egingo dituen emanaldiak. Hain zuzen ere 'Erresistentzian dauden Kulturen Ollinkan jaialdian' bi emanaldi eskainiko ditu eta kontzertu propioa Zokalo plazan, aurreneko biak maiatzaren 18 eta 19an eta azkena hilabete beraren 20an. Hiru egun beranduago Venezuelan, Caracas hiriburuan arituko da. Eta Maiatzaren 15an Los Angelesen hasitako birari La Habanan emango diote amaiera hilaren 25 eta 26ko kontzertuekin.

Afro-Basque Fire Brigade taldea lagun

Bira honetan Irungo musikariarekin batera 'Afro-Basque Fire Brigade' taldeak hartuko du parte. Taldeko kideak dira Mikel Abrego (bateria), Sorkun (ahotsak), DZ (platerak), Xabi Solano (trikitixa), Oskar Benas (gitarra), Jon Elizalde (tronboia), Fino (saxua) eta Lonbi (tronpeta). Aldi berean, errefortzu berri izango ditu: Kubatik Víctor Navarrete (baxua) eta Leo Rodríguez (perkusioak); Jamaikatik Franklin 'Bubbler' Waul (teklatuak), Black Uhuru talde mitikoan aritutakoa, eta Stephanie Wallace (ahotsak). Guztira hamahiru pertsonok lagundurik ibiliko da Muguruza taula gainean.

Berriki Mexikon ere argia ikusi duen 'Euskal Herria Jamaika Clash' diskoaren kantak ez ezik, Muguruzaren karrerako hainbat pasarte berbisitatzeko aukera emango dute bira honetako kontzertuek. Izan ere, Muguruzak azkeneko hogeita bost urteak eman ditu musika munduan, eta Kortatu edo Negu Gorriak bezalako proiektu ezagunen muinean izan da. Aipatu taldeen abestiak ere jasoko dituzte birako kontzertuek.


Lotura interesgarriak

Fermin Muguruzaren webgunea
www.muguruzafm.com

Kulturak erresistentzian Ollin Kan Jaialdia
www.ollinkan.tlalpan.gob.mx

Viña Rock jaialdia
www.vinarock.com

Mexikoko Home disketxeak Muguruzaren diskoa argitaratu du
2007ko urtarrilaren 29an Euskalkultura.com-en argitaratua


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia