euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Fermin Muguruzak Los Angelesen joko du asteazkenean Tania de Sousa eta Niña Coyote & Chico Tornado kantariekin

2014/10/20

Fermin Muguruza eta biran parte hartszen duten teknikari eta musikari batzuk San Frantziskon (argazkia Fermin Muguruzaren Facebook)
Fermin Muguruza eta biran parte hartszen duten teknikari eta musikari batzuk San Frantziskon (argazkia Fermin Muguruzaren Facebook)

PUBLIZITATEA

Fermin Muguruza musikaria Ipar Amerikan da bira bat egiten, Tania de Sousa kantaria eta Niña Coyote & Chico Tornado talde euskaldunak lagun dituela. Iragan larunbatean San Frantzikon jo zuten, eta etzi asteazkena Los Angelesen izango dira. Horrez gain, datorren larunbatean, urriaren 25ean, Mexikon arituko dira, zehatzago Baja California estatuko Mexicali hirian, AEB eta Mexiko artean ia muga gainean. Han, Muguruzaren dokumentalen atzerabegirakoa ere izango da ikusgai. Euskal eta mexikar festa.

Donostia-San Sebastian. Larunbatean San Frantziskon eman zuten kontzertua oraindik fresko, berehala jarri dira Los Angeleseko bidean Fermin Muguruza, Tania de Sousa eta Niña Coyote & Chico Tornado euskal musikariak. Asteazkenean hitzordua dute han bertako zaleekin, eta kontzertua eskainiko dute The Virgil aretoan (Santa Monica Boulevard, 4519).

Ondotik, larunbatean Mexikora helduko da bira, zehatzago Baja California estatuko Mexicali hirira. Han ICC Museoaren 37 urteak direla eta antolatu den Musika Jaialdiaren baitan joko dute, Muguruza kartelaren buru dela. Gainera, hiri mexikarrean atzerabegirakoa eskainiko diote musikari eta zinemagile irundarrari, Muguruzak azken urteotan egin dituen zenbait dokumentalen emanaldiekin. Honakoak izango dira ikusgai: Next Station Music, Bass-que Culture, Checkpoint Rock-Canciones desde Palestina, Zuloak eta No More Tour. Datu gehiago, gure Agendan eta Fermin Muguruzaren webgunean.

Bestalde, aipatu datorren azaroaren 13an argitaratuko dela "Black is beltza" eleberri grafikoa. Fermin Muguruza, Harkaitz Cano eta Dr. Alderete dira egileak eta lau hizkuntzatan argiratuko da: euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta frantsesez. Argitaletxea Editorial Bang da, Talkarekin elkarlanean. Informazio gehiago datozen egunetan www.blackisbeltza.com webgunean eta www.facebook.com/BlackisBeltza Facebook orrian.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia