Montevideo, Uruguai. Fermin Muguruza musikari eta zinemagileak Uruguaiko herriarekin eta paraje hauetako euskal diasporarekin duen harreman sendo eta luzea oraindik ere gehiago estutuko da abuztuan. Izan ere, abuztuaren 16an iritsiko da artista irundarra Montevideo hirira, 'Filtroko Sarraskia'ren 30. urteurreneko martxan parte hartzeko. Montevideon egonda eta Euskal Erria Euskal Etxeak gonbidaturik, bere bi pelikularen proiekzioan eta ondorengo solasaldian ere arituko da partaide.
Fermin Muguruzak eta Euskal Erria Euskal Etxeak Black is Beltza (2022) eta Bidasoa 2018-2023 (2023) filmak aurkeztuko dituzte, lehena heduentzako marrazki biziduna eta bigarrena dokumentala, abuztuaren 22an, osteguna, Montevideoko Cine Universitario aretoan. Emanaldia bukatuta, Muguruza solaskide izasolasaldi batean parte hartzera gonbitea luzatu zaio publikoari.
“Pelikulak ikusteko sarrera janari ez galkorra izango da, Ollas del Sur izeneko sare solidarioari emateko”, azpimarratu du Paola Rossano Ampo Euskal Erria-ko lehendakariak. “Sare hori gure Euskal Etxearen auzoan dago eta duela hamar urte joan zitzaigun Juanito Sarasolaren alaba, Cecilia, sareko arduradun nagusietako bat da. Juanito Euskal Etxeko bazkide, zuzendari, irakasle eta erreferente bat izan zen”, azaldu digu.
Filtroko sarraskiak 30 urte
Arestian aipatu bezala, ‘Filtroko Martxan’ parte hartzera dator Muguruza Montevideora, aurten ‘Jacinto Vera-ko Sarraskia’ izenarekin ere ezaguna den sakailaren 30. urteurrena delako. Martxa abuztuaren 24an egingo da eta arratsaldeko 4etan aterako da Obeliscotik Filtroraino iristeko. ‘Coordinación 24 de agosto’ taldeak antolaturik, eta manifestazioa eta gero Muguruzak joko du Uruguaiko 4 Pesos de propina musika taldearekin batera.
Beste alde batetik, eta Filtroko sarraskiaren 30. urteurrenean, Euskal Erria Euskal Etxea, Montevideoko ‘Sala Verdi’ Aretoa eta Bilboko ‘La dramática errante’ Konpainia batera ari dira lanean Filtro izenburuko antzezlana aurkezteko. María Goiricelaya zuzendari, Filtro abuztuaren 31an estreinatuko dute Montevideon eta 2025eko martxoan Donostian (artikulu osoa hemen).
“Gure Euskal Etxea laguntzen ari da ‘La dramática errante’ Konpainiako Maria Goiricelayaren eta Ane Pikazaren egonaldiarekin. Biak egon ziren Montevideon maiatzean eta orain bueltatuko dira estreinaldirako”, jakinarazi dio Rossano Ampok EuskalKultura.eus-i.