Montevideo, Uruguai. Egun gutxi baina trinkoak eta emozioz beterikoak igaro zituen Fermin Muguruza musikari eta zinemagileak Uruguain. Astebeteko bidaiaren arrazoi nagusia 'Filtroko Sarraskia'ren 30. urteurreneko martxan parte hartzea zen eta holaxe egin zuen irundarrak, abuztuaren 24an, larunbata, arratsaldez.
Manifestariak Montevideoko Obeliskotik atera ziren eta musikariak, Filtro ospitalerako bidean, duela 30 urte poliziak bertan hil zuen Fernando Morroniren ama, Norma Morroni, lagundu zuen. Martxa bukaturik, Muguruzak bere klasiko batzuk abestu zituen, Uruguaiko '4 Pesos de propina' musika taldearekin batera eskaini zuen kontzertuan.
Euskal Erria Euskal Etxean
Montevideoko egonaldian, bertako euskal gizataldearekin ere bizi izan zituen momentu bereziak artista irundarrak. Alde batetik Euskal Erria Euskal Etxea antolatzaile egin zen Black is Beltza (2022) eta Bidasoa 2018-2023 (2023) filmen proiekzioan eta ondoko solasaldian egon zen, Cine Universitario aretoan. Bestetik, harrera-ekitaldia egin zioten Euskal Erria Euskal Etxean eta bertan, Muguruzak, Zuzendaritza Batzordeko kideek eta oro har, Euskal Etxeko bazkideek, urte hasieran zendu zen Gloria Zuazola militante abertzale eta euskaltzale euskal uruguaitarra gogoratu zuten.
Ikurrina Filtroko Martxan (argazkia Pata Eizmendi)
Muguruza Cine Universitario aretoan bildu ziren lagunekin
Fermin Muguruzak 'Pepe' Mujica bisitatu zuen honen etxean hiriburu uruguaitarrean
Montevideora egindako bidaiaren beste momentu oso berezi bat, zalantzarik gabe, Uruguaiko presidente ohi Jose ‘Pepe’ Mujicari egindako bisita izan zen. Muguruza, Mujica eta haren emazte Lucia Topolanskyrekin bildu zen bikotearen etxean, Montevideo kanpoaldean. Dagoeneko 89 urte dituen buruzagi ezkertiarra ez dabil ongi osasunez. Programa estuaren ostean, 'Kortatu' eta 'Negu Gorriak' taldeetako liderra izan zenak "laster arte" batekin agurtu zuen herrialde hegoamerikarra. Izan ere, datorren maiatzean bueltatuko da, bere 40. urteurreneko biran. Kontzertua 2025eko maiatzaren 22an izango da, Museo del Carnaval aretoan.