euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Fermin Muguruza, Argentinako Cordoban Baietz-ekin: 'Cordoba beti izan da erresistentzia gune bat'

2013/05/20

 Cordoba eta Buenos Airesen emandako kontzertuan Presoen bandera zabaldu zen publikoan eta agertokietan (argazkia John P. Boomer Iacoangelo)
Cordoba eta Buenos Airesen emandako kontzertuan Presoen bandera zabaldu zen publikoan eta agertokietan (argazkia John P. Boomer Iacoangelo)

PUBLIZITATEA

"No More Tour 2013" nazioarteko biraren baitan, bi kontzertu eskaini ditu Fermin Muguruzak Argentinan. Kontrakantxa banda lagun, Buenos Aireseko Vorterix Antzokian eta Cordobako Astral Aretoan aurkeztu da abeslari irundarra joan den ostegun eta ostiralean. Bi emanaldietan, hiri bakoitzeko musikariekin konpartitu zuen taula: Buenos Airesen, Malena D'Alesio eta ‘Todopoderoso Popular Marcial’ taldearekin; Cordoban, berriz, Baietz talde euskal argentinarrarekin. Bere lehenengo aurkezpenean hirian, "Cordoba erresistentzia gune bat" dela adierazi zuen musikari europarrak.

Cordoba, Argentina. Aurrekaririk gabeko ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten cordobatarrek maiatzaren 17an, Astral Aretoan. Izan ere, Fermin Muguruza Cordoba hirian aurkeztu den lehen aldia izan da joan den ostiralekoa eta hori gutxi balitz, bertako Baietz talde euskaldunarekin jo zuen ‘Negu Gorriak’ mitikoaren liderra izandoko abeslariak.

Fermin Muguruza Cordoban 2013 03

[Bere bigarren lan diskografikoa burutzen ari den Baietz talde euskal argentinarrak Fermin Muguruzarekin jo zuen 17ko kontzertuan (argazkiaEE)]

“Muguruzaren ekoizpen taldea jarri zen harremanetan gurekin. Facebook-en bidez egin zuten kontaktua ezagutzen ez gintuztelako. Euskaraz abesten zuen edo euskal gaiei buruz hitz egiten zuen talde bat nahi zuten euren kontzerturako eta gurekin bi baldintza horiek betetzen zituen talde bat aurkitu zuten. Gonbitea jaso ondoren, inguruko Diaspora osoari luzatu genion bertaratzeko gonbitea, beraz guk ez ezik, Txotx! dantza taldeak eta Rosario, Rio Cuarto eta Villa Mariako dantzariek ere hartu zuten parte ikuskizunean”, azaldu diote EuskalKultura.com-i Gerora elkarteko musikariek.

Errepertorioari dagokionez, garai guztietako kantak taularatu zituen Muguruzak Kontrakantxa Bandako Mikel Txopeitia (bateria), Fino (saxoa), Jontron (tronboia), Lonbi (tronpeta), Zigor DZ (DJa), Oskar Benas (gitarra), Xabi Solano (eskusoinua) eta Victor Navarrete (baxua) kideek lagunduta. Kutsu folklorikoa, berriz, Baietz-eko mutilekin iritsi zen.

Fermin Muguruza Cordoban 2013 01

[Baietz taldeko musikariek eta Gerora elkarteko kide batzuk Fermin Muguruzarekin (argazkiaEE)]

“Prestatzen ari garen bigarren CDan --‘Argizagi ederra’n-- sartuko ditugun abesti pare bat eta lehenengoko beste batzuk, hala nola, Iturengo Arotza eta Mahai Gainekoa jo genituen. Ondoren, Lantzeko Inauteriak, Jota eta Porrusalda ere, dantzariek dantza zezaten. Asmoa zen cordobatarrei gure nortasun euskal argentinarra erakustea eta uste dugu lortu genuela. Publikoak ‘Gerora’-ren zapi gorriak zeramatzan lepoan eta hori oso hunkigarria izan zen guretzat”, aitortu digute musikari argentinarrek.

Errezitala Astral Aretoak antolatzen dituen ‘Fiestas Gitanas’ zikloaren barruan burutu zen eta musika ez ezik, zirko saioak ere eskaini zitzaizkien gonbidatuei.

Buenos Aireseko Vorterix-en

Argentinako hiriburuan, ostera, egun bat lehenago izan zen kontzertua, maiatzaren 16ean. Jendetza batu zen Federico Lacroze kaleko antzokira, asko ikurrina eskuan. Errezitala hasi baino lehen, eta aretoaren sarreran, Buenos Airesen euskal presoen alde larunbatean egin zen kontzentrazioko panfletoak banatu ziren.

Fermin Muguruza Bs Asen 2013 01

[Ohiko geldialdia da Buenos Aires Fermin Muguruzaren biretan. Joan den abenduan bertan kantaria ‘Zuloak’ dokumentalarekin aurkeztu zen Argentinako hiriburuan. Oraingoan, Vorterix Antzokian jo zuen Kontrakantxa Banda lagun (argazkia John P. Boomer Iacoangelo)]

Bi orduko kontzertuan garai guztietako bere abestiak eskaini zituen Muguruzak, estudioetan eta bakarlari grabatutako diskoetakoak eta nola ez, taldeka egindako besteren bat. Izan ere, emanaldiaren azken kanta Kortatu-ren Sarri Sarri izan zen. Baina hala ere ez zen dena ‘reggae’, ‘dub’ eta ‘ska’ izan. Euskal erritmo tradizionalak ere entzun ziren Buenos Aireseko aretoan, Xabier Solano trikitilariak Arin-Arin bat jo zuenean. Eskusoinuak lagunduta, jende asko dantzan jarri zen, eskuak altxaturik.

Fermin Muguruza Bs Asen 2013 02

[Jendetza bildu zuen Muguruzak Lacroce kaleko aretoan: tartean euskaldunak, euskal etxeetako kideak eta, bistan da, beste makina bat jende. Ikurrinak eta presoen banderak han-hemenka ikusi ziren eta Muguruzak berak, biharamunean Buenos Airesko San Telmo auzoan deituta zegoen presoen aldeko manifestaldian parte hartzera deitu zuen (argazkia John P. Boomer Iacoangelo)]

Aipatzekoa da bi gonbidatu berezi izan zituela abeslari euskaldunak argentinar hiriburuko ikuskizunean: batetik Malena D'Alesio hip-hop abeslariak kantu bat abestu zuen Muguruzarekin; bestetik, Todopoderoso Popular Marcial taldekoek Dub-Manifest abestia jo zuen Ferminekin.

Publikoaren artean euskal herritar ugari ikusi genuen, Argentinan unibertsitate ikasle ari den jendea eta lanean ari dena, batez ere. Horietaz gain, euskal etxeetako multzo polita ere bertaratu zen antzokira, tartean Euskaltzaleak-ekoak, Mar del Platako Denak Bat-ekoak eta Uruguaitik etorritako lagunak ere, batzuk aipatzearren.

Kontzertua amaitzean kalean jarraitu zuen festak. Todopoderoso Popular Marcial taldekoek aretoaren kanpoaldean abesti batzuk jo zituzten eta jendea errepide erdian dantzan jarri zen.

-Ikus http://www.muguruzafm.com
-https://twitter.com/muguruzafm
-http://www.myspace.com/ferminmuguruza
-http://www.facebook.com/pages/Fermin-Muguruza/62222231248
-http://eu.musikazblai.com/fermin-muguruza



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia