euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Felipe Eiheragibel da FEVAko presidente berria; buru zuen zerrenda ofizialistak 26 boto lortu zituen, 23ren aurka

2008/03/17

Felipe Eiheragibel (EuskalKultura.com arg.)
Felipe Eiheragibel (EuskalKultura.com arg.)

PUBLIZITATEA

Felipe Eiheragibel rosariotarra buru zeukan zerrenda ofizialistak irabazi zituen joan den larunbatean FEVAk eginiko hauteskunde partzialak. Por una FEVA para todos hautagaitzako zerrendaburuak hiru botoko aldea atera zion Alejo Martin cordobatarra buru zeukan Centros Vascos por la alternativa zerrendari. Partaidetza handia eta indar burruka izan dira bozka hauen ezaugarri, hori FEVA bezala bere barruan bi zerrenda lehian ikusteko batere ohiturarik ez duen erakunde batean. Arestian aipatu hiru botoko tartearen karietara, hautagaitza ofizialistako kideek lortu zituzten jokoan zeuden postu guztiak: lehendakari, idazkari eta diruzaintza, bost batzordekidetza eta hiru kontu ikuskaritza.
Orain arte ezagutu gabeko kanpaina baten ostean, iritsi zen azkenean D eguna eta FEVAko (Euskal Argentinar Erakundeen Federazioa) Ohiko Batzar Orokorrak, Buenos Aireseko Laurak Baten egoitzean bildurik, orain artean federazioko idazkari izan den Felipe Eiheragibel hautatu zuen lehendakari berri gisa, bi urteko indarraldirako, araudiek markatzen dutenez. Eiheragibel buru zuen zerrendak 26 bozka lortu zituen, Centros Vascos por la alternativak, Alejo Martín Cordoba hiriko Euskal Etxeko lehendakaria buru zuena, 23rekin gelditzen zen bitartean.

Botoa eman zezaketen 58 euskal etxeetatik 49k eman zuten botoa --oro har FEVAk gisa bateko eta besteko 95 kide baditu ere--, horrek dakarren partaidetza hazkunde nabariarekin, ez baita ahaztu behar lehendaritzarako azkeneko hauteskundeetan, duela bi urte, botoa eman zezaketen euskal etxeen ia erdiak bakarrik egin zuela, eta oraingoan %84a hurbildu dela hautestontzietara. Larunbatean bozkatu zuten euskal etxeen artean, 26k (%53ak) zerrenda ofizialistaren alde egin zuen eta 23k (%47ak) hautagaitza alternatiboaren alde. Gehiengo horri esker, hautagai zeuden eserleku guztiak zerrenda ofizialistak eramango ditu (ikus beherago hautatutakoen izenak).

Botoen zenbaketa bi alderdien oneritsiz

Emaitzak ezagutarazi ondoren, atera ez zen zerrendako kideak hautatutako zerrendakoak agurtu zituzten, haien garaipena onartuz eta zorte oneko agiantzak emanez elkarri. Bi hautagaitzak bat egin zuten botoen zenbaketa tramitea behar bezala egin zela esaterakoan, desadostasunik edota kontrako ñabardurarik adierazi gabe. Felipe Eiheragibelek salatu zituen, ordea, azkeneko egunetan jasotako ohar eta eraso anonimoak, 'lohitu nahi izan baitute hain zuzen ere gure zerrendakideetako baten zintzotasuna eta seriotasuna, eta hori erabat gaitzetsi behar dugu'.

Hautatu berritan EuskalKultura.com-i eginiko adierazpenetan, Eiheragibelek berretsi egin zuen FEVAko Zuzendaritza Batzordearen nahia 'FEVA osatzen dugun elkarteen ekarpen serio eta eraikileak biltzearren, FEVA berez ez baita ezer, Euskal Etxeak dira FEVA', azpimarratu zuen. Bere esanetan, 'Euskal Etxe batzuk, osagai dituzten banakako gizon-emakumeen indarra haintzakotzat ez hartzerakoan, uste dute beste norbaitek (FEVAk?) behar dituela hornitu eta satisfatu elkarte bakoitzaren oinarrizko beharrak, eta horrek oso balio urria ematen dio norberaren ahaleginari. Hau ez da federazioaren oinarrizko zereginetako bat eta ez da gure arbasoek irakatsi eta utzi ziguten bidea'.

Partaidetzaren hazkunde handia

Lehendakari berriak azpimarratu nahi izan zuen Alejo Martinek eta bere taldeak eginiko lana eta, egindako ahalegin hori eskertu ostean, Zuzendaritza Batzordeko biletara gonbidatu zituen, 'ideiak azaltzera eta bidea elkarrekin egitera, araudietan markatutako helburuetara iristeko elkarren beharra baitaukagu'. Bere aldetik, hautagai galtzaileak hauteskundeen 'oso balorazio positiboa' egin dio gure buletinari, 'lanean bi hilabetez baino aritu ez garela, udako oporren erdian eta baliabide oso gutxiz alor guztietan, botoen %47a eskuratu baitugu'. Bere ustetan, 'gu lehia honetan sartzeak lagundu du Euskal Etxeen partaidetza altua, demokratikoki adierazia'.

Elkarrekin lehian ari ziren bi zerrenden egitatea bera gauza erabat berria izan da FEVAko lehendakaritzarako hauteskundeetan eta kanpaina moduko bat ere eragin du bi zerrenden artean, bakoitza botoa emateko eskubidea zeukaten euskal etxeak euren aldera bildu nahian. Horren ondorioz eta ahalik eta botorik gehien eskuratzeko indar horrek ekarri du interes eta partaidetza mailaren hain hazkuntza handia, %50etik beheragokoa 2006an eta %84koa oraingoan.


HAUTETSIAK

-Lehendakaria: Felipe Eiheragibel, Rosarioko 'Zazpirak Bat' Euskal Etxekoa (2 urteko agintaldia)
-Idazkaria: Marta Abarrategui Loyola, Arrecifes-eko 'Euskaldunak Denak Bat' Euskal Etxekoa (2 urte)
-Diruzaina: Ricardo Basterra, La Pampako Santa Rosako Euskal Etxekoa (2 urte)

-Batzordekide titularra: Arantxa Goicoa; Ordezkoa: Arantxa Anitua, Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxekoa (2 urte)
-Batzordekide titularra: Maria Angeles Oñederra, Ordezkoa: Horacio Marotto, Jose C. Paz-eko 'Leku Eder' Euskal Etxekoa (2 urte)
-Batzordekide titularra: Carlos Sosa; Ordezkoa: Javier Ederra, Bahia Blancako 'Unión Vasca' Euskal Etxekoa (2 urte)
-Batzordekide titularra: Verónica Zulaica; Ordezkoa: Mariana García, Cañuelaseko 'Denak Bat' Euskal Etxekoa (2 urte)
-Batzordekide titularra: Isidro Legarreta; Ordezkoa: Juan M. Beguiristain, Tandileko 'Gure Etxea' Euskal Etxekoa (urtebete)

-Kontu ikuskatzailea: Juan Jose Olasagastia, Coronel Pringleseko 'Eusko Biltzar' Euskal Etxekoa (urtebete)
-Kontu ikuskatzailea: Jeremías Garmendia, Chacabucoko 'Guillermo Larregui' Euskal Etxekoa (urtebete)
-Kontu ikuskatzailea: Nerea Arza, Hiriburu Federaleko 'Lagun Onak' Abesbatz Elkartekoa (urtebete)


LOTURA INTERESGARRIAK

FEVA webgunea
www.fevaonline.org.ar

'Centros Vascos por la Alternativa' hautagaitzaren bloga
http://ccvvporlaalternativa.blogspot.com

Erasoka e-mail anonimoen bidez
2008ko martxoaren 13an EuskalKultura.com-ek argitara emana

Bi proposamenen arteko lehia hauteskundeetan
2008ko martxoaren 7an EuskalKultura.com-ek argitara emana

Sekula ez bezala FEVAk zerrenda bakarrari muzin egin dio
2008ko otsailaren 29an EuskalKultura.com-ek argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia