euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Federico Borrás: “Zalantzarik ez dut 'Presencia Vasca' 35 urtez segitzearen sekretua gure euskal adorean dagoela"

2025/03/17

'Presencia Vasca' saioaren hasieran, Federico Borrás Raúl Alcain aitonarekin; egun Diaspora osoko euskal irratsaio dekanoa da
'Presencia Vasca' saioaren hasieran, Federico Borrás Raúl Alcain aitonarekin; egun Diaspora osoko euskal irratsaio dekanoa da

PUBLIZITATEA

Paraná, Argentina. 35 urte ari da betetzen aurten Paranátik aireratzen den ‘Presencia Vasca’ irratsaioa. Eta aurkezle dituen Federico Borrás eta Santiago Erguy, Mikel Ezkerro zutabegile dela, prest daude iganderoko publikoarenganako hitzorduari heltzeko. 1.700 bat saio ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula, etengabeko txingurri lana da, merezimendu handikoa, ez soilik Argentinako euskal irratigintzan, Diaspora osokoan ere baizik, baita Euskal Herrikoan ere. Zorionak Paranáko lagunei. Karia honetara, EuskalKultura.eus 15 urterekin bere aitona Raul Alcainen gerizpean proiektuari ekin zion Federico Borrásekin mintzatu da, atxikimendua eta engaiamendu militantea funtsezko osagai dituen istorio honetan.

—Zerikusirik ez egungo irratigintzak eta duela 35 urtekoak...

Zalantzarik gabe, teknologia berriei lotutako aldaketek eragin digute gehien. Internetekin mugak gainditu ahal izatea, hirikoak ezezik herrialdekoak ere, aldaketa handia ekarri digu. Gaurko gazteek barneratuta dauzkate orain ezagutzen ditugun komunikatzeko aukera eta erraztasunak, baina niri oraindik harrigarriak iruditzen zaizkit. ‘Presencia Vasca’rekin hasi ginenean saioa Paranan baino ez zen entzuten: seinalea ez zen ehun kilometotik haratago iristen eta esango nuke entzule gehienak ez zirela euskal kolektibitatekoak. Teknologia berriekin ez digute Paranan edo Argentinan bakarrik entzuten, beste hainbat herrialdetara ere iristen gara, Euskal Herria barne. Eta hara gauzak nolakoak diren… gurea da gure irratiko programen artean online gehien entzuten dena. Panorama guztiz aldatu da. Orain entzuleak nonahikoak dira eta gehienak, orain bai, euskal komunitatekoak dira… eta horregatik entzuten gaituzte.

—Aipa iezazkiguzu aldaketok...

Euskal Herriko eta euskal gizataldeko entzuleak izateak konpromiso handiagoa dakarkigu… Zorrotzagoak behar dugu izan eta finezia handiagoz landu edukiak. Bestetik  komunikazioa askoz errazagoa da eta horrek errazten egin digu kanpoko euskal erreferenteengana iristeko bidea. Gaur egun oso ohikoa da saio batean Euskal Herriko pertsona batekin hitz egitea eta hori guretzat aberasgarria da oso. Lehen ez zen batere horrela. Gogoan daukat Euskal Herriarekin egin genuen zuzeneko lehen konexioa. Loiolako Herri Irratiko Txema Urrutia kazetariari egin genion elkarrizketa eta konexioa hasi zenean, gure irratiko zuzendaria harrituta geratu zen… Nola aldatu diren gauzak!


Mikel Ezkerro, Federico Borrás eta Raul Alcain

—Elkarrizketek garrantzi handia dute saioan, Zein gorde duzu bereziki gogoan eta zergatik?

Zaila da bakarra aukeratzea, baina aukeratu behar badut Euskal Herrian egin nituenak aipatuko nituzke. Esaterako, Oskorri taldeko Natxo de Feliperi egindakoa, edo Donostiako bere bulegoan Juan Antonio Urbeltzi… esperientzia zoragarriak. Gero, ‘Kilometroak’ jaialdira joan nintzenean Gozategiri ere egin ahal izan nion elkarrizketa, oholtza ondoan… Erreferente genituen, eta haiekin halako elkarrizketak izatea ametsa zen. Gauza bera gertatu zitzaidan gero, pandemia garaian, Benito Lertxundirekin. Elkarrizketa egin genion, Oriotik sartu zen, itxialdian, eta bertatik bere bizitzaz eta karreraz mintzatu zitzaigun. 30 urte pasatu nituen bere abestiak entzuten eta bat-batean bera gure programan izatea… oroitzapen ederrak benetan.

—Iragankortasunaren garaian bizi garela ematen du batzuetan… zein da sekretua 35 urtez jarraian uhinetan jarraitzeko?

Esango nuke sekretua gure euskal adorean dagoela… Badakizu nolakoak garen euskaldunok… Ez diegu beldurrik erronkei eta ez gara kokiltzen. Duela 35 urte helburu bat jarri genion geure buruari: igandero-igandero ‘Presencia Vasca’ egitea. Eta jo ta fuego segitzen dugu eta segituko, ahal dugun bitartean.

IGANDERO. “Presencia Vasca”ren 35. denboraldia martxoaren 9en hasi zen, aspaldi New Yorken finkatutako Luis 'Koitz' Foncillas nafar kazetariari egindako elkarrizketa batekin, eta atzo segitu zuen, Buenos Aires Probintzia hegoaldean izandako uholdeez Bahia Blancako Union Vascako Iñali Ederrarekin hizketan. Saioa igandero emititzen da 11etatik 12etara [argentinar ordua, Euskal Herrian 15etatik 16etara] Universidad Tecnológica Nacional (UTN), Regional Paranako FM Universidad 105.7an, eta aldi berean streaming bidez www.fmuniversidad.com helbidean zuzenean online segitzeko aukera dauka. Laster bideo formatuan ere trasmitituko dute. Eta audioak Ivoox-en entzun daitezke link honetan.

Saioa estudiotik ateratzen da kasu batzuetan, eta Federicok eta bere taldekideek Argentinako euskal gizataldearen ekitaldi nagusi batzuetan hartzen dute parte zuzeneko saioekin, hurrena apirilean Cañuelasko Aberri Eguneko dantzarien topaketan edo aurtengo Euskal Aste Nazionalean Tandilen.

- Facebooken: presencia vasca.parana
- Xen: PresenciaVasca



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia