euskal diaspora eta kultura
2010/05/11
PUBLIZITATEA
Sabrina Otegi/Parana, Argentina. Astero aireratzen da Presencia Vasca irratsaioa Argentinako Paraná herritik, Entre Rios probintzian. Saioaren lehenengo 20 urteak pasa den martxoan bete ziren eta edizio berezi bat eta lagun arteko bazkaria egin ziren urtemuga berezi hau ospatzeko. Argentinan Euskal kultura zabaltzeko xedea duen programa honek ibilbide esanguratsua egin du Diasporan. Testuingurun honetan hurbildu zaio EuskalKultura.com Federico Borrás Alcain saioko zuzendariari, bi hamarkada hauetako lana, esperientzia eta pasadizoak, barrutik ikusita, nolakoak izan diren ezagutu eta gure irakurleekin konpartitu guran.
-Zure aitona Raul Alcainen proiektua izan zen Presencia Vasca. Zerk bultzatu zuen saioari ekiteko?
Uste dut bi arrazoi direla-eta hasi zela aitona saioarekin: batetik bere gogo biziagatik; eta, bestetik, euskal komunitatean zeukan lekuagatik. Ez dezagun ahaztu 1985ean Raul Alcainek euskal etxe bat berpiztu eta haren lehendakari izan zela. Horrez gain, militantzia politikoan ibilia zen eta kazetaritzaren arloan eskarmentua zuen, beraz oso argi zeukan hedabideen eragina eta bertan aritzearen garrantzia.
[Raul Alcainek Presencia Vascan parte hartu zuen azkeneko aldia, irratsaioak 18 urte bete zituenean]
-Hasierako saioa eta gaur egungoa ezberdinak izango dira…
Bai. Hasieran ez geneukan geure aurkezlerik. Irratian bazegoen esatari bat, bikaina gainera, María del Carmen Schaller, eta berak aurkezten zituen abestiak eta bidea ipintzen zuen oina emanez, gero aitonak euskal gaiei hel ziezaien. Gonbidatuak ere bazeuden, baina ez zitzaizkien elkarrizketak egiten eta aurretik prestatutako testuak irakurtzen zituzten. Niri dagokidanez, harrez gero hasia nintzen irratsaioan. Musika aukeratzen nuen eta aitonari laguntzen nion. Hasiera hartarako, formatua ondo zegoen; baina geroari begira mugak zeuzkan geure burua gainditu ahal izateko. Berehala pentsatu nuen saioak bere aurkezlea behar zuela, euskal gaietaz jakitun zen norbait. Eta horrela ni neu hasi nintzen pixkanaka langintza horretan, ausardia beste ezer baino gehiago baneukan ere.
[Federico Borras Mikel Ezkerro irratsaioko zutabegilearekin]
-Ibilbide luzea egin du saioak, baina ez beti irrati berean.
Egia da. Lehenengo zortzi urteak FM Capital-en (101.9 Mhz) eman genituen. Gero bi urteko bolada batez FM Contacto-n (99.9 Mhz) aritu ginen. Eta geroztik hona FM Universidad-en (105.7 Mhz) bitartez aireratzen da saioa, Universidad Tecnologica Nacional-en (UTN) Parana eskualdeko emisoran. Baina aldaketak horiek eta Argentinan gertatutako zernahi arazo gora-behera, esan beharra daukat 20 urte hauetan ez diogula hilabete bakarrean utzi programa egiteari.
-Zuzendari eta esatari zarenez gero, nola hautatzen dituzu aipatu edo landu behar dituzun gaiak?
Gaiak ugaltzen saiatzen naiz, Euskal Herrikoekin zein Argentinako euskal komunitateei dagozkienekin, eta gauza bera elkarrizketekin. Ezinbesteko beste osagarri bat musika da. Argentinan lortzen ez den materiala eta gainerako irratiek ez dituzten kantak botatzen ditugu. Argentinan merkaturatzen ez den materiala eskuratzen diegu entzuleei.
-Entzuleak aipatu dituzu. Nolakoa da eurekin duzun harremana?
Oso erantzun ona izan dugu beti. Eta, jakina, teknologia berriei esker hel gaitezkeen entzuleen kopurua haziz joan da. Lehenengo denboraldietan Paranako bertako publikoa baino ez genuen. Orain, berriz, saioa internet bidez aireratzen denez entzuleen kopurua handitu da. Duela gutxi, Facebook-en sartu gara eta hor oso nabaria egin zaigu entzuleen partaidetza: mezuak uzten dituzte, edo txat-en bidez hitz egiten digute. Badirudi tresna hauek animatzen duela jendea komunikatzera.
-Bi hamarkada hauek esperientzia eta une gogoangarriak utziko zizkizuten, aipatu ahal duzu baten bat?
Zaila da bat aukeratzea, benetan asko dira-eta. Egia da batzuek beste batzuek baino eragin handiagoa izan dutela nigan. Adibidez, gogoan daukat egin nuen lehenengo elkarrizketetako bat, 1990eko euskal astean, Necochean. Enrike Zelaia soinujoleari egin behar nion elkarrizketa eta hastear geundenean, grabagailua ez zebilen. Oso urduri jarri nintzen eta Zelaiak berak konpondu zuen, ez zait inoiz ahaztuko. Euskal Herrian elkarrizketak egin ahal izatea, esaterako, garrantzitsua izan zen niretzat. 1996an egin nuen lehen aldikoz, eta izen handiko euskaldunekin. Nestor Basterretxea elkarrizketatu nuen Hondarribiko bere etxean, Juan Antonio Urbeltz ere bere bulegoan, Donostian. Gozategi anai-arrebekin egon nintzen Elgoibarreko Kilometroak-en, Oskorriko Natxo de Feliperekin ere, Bilboko Boulevard tabernan… zer esan dezaket… 2003an berriz ere egin ahal izan nuen, eta niretzat gauza zirraragarria izan zen.
Hemengo euskal historiari lotutako elkarrizketak ere egin izan ditut, eta gogoan dut Diego Joaquín Ibarbia Euskaldunen Immigrazioaren Aldeko Batzordeko azken kidearekin mintzatzeko aukera izan nuenean; esperientzia izugarria izan zen bera izan zelako Gerra Zibilaren garaian hainbat euskaldun Argentinara sartu ahal izateko baimenak bideratzen eta hori ahalbidetzen zuen dekretua kudeatu zuen Batzorde hartako kideen artean bizirik zen bakarra. Euskadiko lehendakariekin ere elkartzeko aukera izan dut, Garaikoetxea, Ardanza, Ibarretxe… Eusko Legebiltzarreko presidenteak, musikariak, euskal jatorriko hainbat argentinar... zerrenda luzea da.
[Saioaren urteurreneko egunean, Federico Borras eta Mikel Ezkerro FEVAko idazkari den Marta Abarrateguirekin]
-Presencia Vasca-k sari moduko aitorpen bat jaso zuen Euskal Herrian.
Bai. 2003an, Deia egunkaria Jesús González Mateos-ek egindako 46 elkarrizketa argitaratzen joan zen Vascos Mundiales izeneko sailean. Elkarrizketatuen ezaugarri amankomuna euskaldunak sentitzea eta Euskal Herritik kanpo baina Euskal Herriaren alde lan egitea zen. Aparteko ustekabea izan zen niretzat hautatua izatea. Gero, elkarrizketak liburu batera bildu zituzten. Bilbon egin zen liburuaren aurkezpenera joateko gonbitea luzatu zidaten eta joan nintzen. Ibarretxe Lehendakariak harrera egin zigun eta Mario Salegiren ondoan esertzea egokitu zitzaidan. New Yorken bizi zen Mario Salegi gudari, kazetari eta idazlearen ondoan eseri ahal izatea hunkigarria izan zen benetan, oso gaztea nintzen eta ohore handia izan zen niretzat halakoen artean ibiltzea. Batzuetan bizitzak horrelako opariak ematen ditu…
-Hogei urte astero aireratzen salbuespenik gabe. Zu zara zuzendari, esatari, berri-biltzaile...
Normalean bai, bakarrik prestatzen dut saioa. Dena den, posta elektronikoa sortu zenetik asko aldatu da dena. Materiala eskuratzeko teknologia berriak baliagarriak dira oso. Aurretik beste era batean lan egiten genuen. Euskal Herrian kaleratzen zituzten egunkariak, guk bi edo hiru hilabete beranduago jasotzen genituen. Gaur pentsaezina da egoera hori. Beste motatako aldaketak ere izan ditugu. Orain Mikel Ezkerro irakaslearen ezinestimatuzko laguntza daukagu. Berarekin historia gaiak eta gaur egungoak ere jorratzen ditugu.
-Luzaroan eta lana ere ugari egiten duzula dirudi… inoiz pentsatu duzu lekukoa eman eta irratsaioa beste inoren eskuetan uztea?
Ez, sekula santa. Ohorezko engaiamendua da niretzat. Ahal dudan bitartean neronek egingo diot aurre.
[Saioaren urtemugaren egunean, lagun arteko bazkaria]
-Saioaren edizio berezi batez ospatu zenuten martxoan 20. urteurrenaren eguna...
Bai, eta oso pozik geratu nintzen. Leku askotako jendeak hartu zuen parte: Entre Rios probintziako gobernadoreak, Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak, FEVAko agintariek, lagun anitzek. Luzera berezia izan zuen eta saioa bukatuta, elkarrekin bazkaldu genuen jende multxo batek eta Presencia Vasca-ren momentu garrantzitsuenak biltzen zituen bideo bat proiektatu genuen. Urte askotan erein eta gero emaitzak batzen hastea bezala izan zen. EuskalKultura.com-etik ematen didazuen aukera hau baliatu nahi dut esker beroak emateko gurekin bat egin zutenei; bertaratuz, telefonoz edo edonola ere euren agurrak helarazi zizkiguten lagun guztiei.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus