Joseba Etxarri. Euskal irratsaio batek, edo orokorrean euskaldunei lotutako komunikabide batek 25 urte betetzea ez da egunero gertatzen den gauza. Zilarrezko Ezteiak bete ditu, baina, Euskal Herritik hamar mila kilometrotara Presencia Vasca irratsaioak, astero astero hogeita bost urte aireratzen --eta azkeneko urteetan sareratzen ere-- euskaldunen lekukotasuna emanez, euren berri, iritzi, musika eta jakingarrien zabalkundea eginez euskaldunen eragin handia eta 'euskal presentzia' handia daukan Rio de la Plata aldean, izan ere iragan aberats horri pareko etorkizuna ere ekartzeko asmotan. Paranan bertan jaioa da Federico Borrás Alcain, ikasketaz eta jardunez abokatu eta kazetari, eta euskal arloan hamabi urtez goiti Urrundik euskal elkarteko lehendakari, txistulari, dantzari ohi eta egun gogor eta fier Paranako Radio Universidad-ek igandero emititzen duen euskal saioko arduradun eta esataria.
Zorionak...
-Eskerrik asko
Presencia Vascak eskubide osoz irabazi du euskal irratsaioen historian sartzeko txartela. Zaila izan al da honaino iristea?
-Guztietarik egon da. Momentu batzuk izango ziren zailagoak, beste batzuk errazagoak baina zalantzarik gabe balantzea zinez baikorra da. Egon ahal izan diren koxkak gainditu ditugu. Euskal kulturaren arloan ari garenon artean, nork ez du bere lan bolondresaz aparte, esaterako, bere patrikako dirua ipini behar izan proiektu eta ekimenek jarraitu ahal izan zezaten? Lana ahal eta hobekien egiten saiatzen gara, baina motorra, gure motorraren indarra eta errekaia deliberoa da, konpromisoa, lanarekin batera. Arazo txiki guztien gainetik egiten duzun lanak balio duela ikustea, eta pixkanaka bada ere, inguruko jendea bustitzen doala nabaritzea da garrantzitsua eta satisfazio emaile, gure kultura eta nortasuna gorde, landu eta zabaltzea helburu.
Zure kasuan, amaren aldeko aitona, Raul Alcain, izan zenuen euskal alorrean sartu zintuen pertsona.
-Aitonak oso barnetik bizi zuen euskaltasuna. Gure familia belaunalditan da hemen jaioa, baina berak beti kontatzen zigun bere arbasoak euren artean ezkondu zirela eta batera edo bestera eutsi ziotela euskaltasunari. Goian eraman zuen berak beti euskal atxikimendua eta bere kemenak busti egin zuen gure familia euskal gauzetan sakon engaiatu arte. Adinean sartua zela, 1987an, 75 urterekin, Euskal Herrian izan zen, Bigarren Euskal Mundu-Biltzarrean eta plastikozko txistu bat ekarri zidan opari. Nire kasa ikasi nuen, klase batzuk eman zizkidan Rosarioko Guillermo Canut-ek, eta berriz ere nire kasa ibili nintzen txistulari bilakatu arte. Aurretik dantzan ibilia nintzen. Ongi oroitzen dut, 10 edo 11 urte nituela aitonak euskal etxe zaharrera eraman ninduela --orduan birsortu berria zen, aitona birsortzaileen artean-- dantza taldea hasi genezan.
Elkarrekin hasi zenuten Presencia Vasca.
-Berak hasi zuen eta ni haren laguntzaile izan nintzen hasieratik. Berak gidatu zuen saioa nik lekukoa jaso nion arte. 96 urtetan hil zen eta gure inspirazioa izan zen, bereziki euskal gauzei dagokienean.
Euskal Herrian hiru aldiz izan zara. Lehena 1996an.
Jaurlaritzak orduan hasi zuen Gaztemundu saioan parte hartu nuen. Pedro Oiarzabal historialaria antolatzaileen artean zegoela gogoratzen naiz. Munduko zenbait herrialdetako gazte multzo handi bat bildu ginen, asko Euskal Herria sekula zapaldu gabeak. Gogoan daukat hegazkina Sondikara hurbiltzen ari zela lehiatilatik lehenengo aldiz ikusi nuen paisaia eta emozioa, eta hala nengoela ohartu nintzela ondoan neukan neska ere begiak gorrituta eta neu bezala hunkituta zegoela. Bidaia hura, bertan ikusi eta ikasi nuena, garrantzitsua izan zen niretzat eta sendotu egin zituen Euskal Herriaz eta euskaldunei buruz neuzkan uste eta iritziak. Harritu ninduen gauza bat, hango askok Diasporako euskaldunen berri ez izatea izan zen, edo berri eskasa izatea.
25 urte asko dira, irratian behar bada bereziki, iraultza teknologikoa tartean.
-Hasi ginenean, eta luzaroan, gure saioaren irismena Parana eta Santa Fe-ko hiriak eta ez askoz gehiagorainokoa zen. Gaur egun, aldiz, internetez mundu osora ailegatzen gara eta entzuleak baditugu baita Euskal Herrian ere, eta hori garai batean buruan ere ez zitzaigun kabituko. Gauza bera musikarekin eta berriak lortzeko ahalmenarekin. Gogoan izan, luzaroan informazioa Euskal Herriko egunkariak komentatuz ematen genuela, eta horiek askotan bi edo hiru hilabeteko atzerapenez iristen zitzaizkigula. Musikarekin beste hainbeste, ez zen erraza garai batean euskal musika lortzea hemen eta gaur egun momentuan izan dezakegu eskuragarri. Elkarrizketak egiteko ere, distantziak apurtu dira... Gure lanaren ezaugarri beti izan da Euskal Herriko irudi baikorra ematea, 'eder idealizatutako irudia', gauza ezkorretarako badaude-eta beste medio batzuk. Guk geure barnean sentitzen duguna kanporatzen dugu, niretzat Euskal Herria leku bikain eta aparta baita. Beti poztu izan nauen zerbait, entzule ez-euskaldunen sostengua izan da, euskal jatorrikoak izan gabe gure programa, egiten ditugun komentarioengatik edo aireratzen dugun musikarengatik segitzen dutenena.
Hurrengo 25 urteen bila?
-Orain arte bezala gauzak astero-astero, apurka-apurka eginez segitu nahi dugu. Baikorra naiz. Egia da gaur egun ez dagoela euskal emigraziorik. Gure probintzian, Entre Riosen, 20. mendeko lenenengo urteetan eten zen. Geroztik, ordea, Euskal Herritik jende berria etorri gabe ere, gauzak mugitu egin dira eta gurea bezalako ekimenak eta euskal etxeak sortu dira. Euskal kolektibitatean hala segitzen du gertatzen, eta ez dut ikusten beste gizatalde batzuetan gertatzen denik, esaterako italiarretan, espainiarretan edo Volgako alemaniarretan, Entre Riosko adibide nabarienak aipatzearren. Bestalde, beste gauza interesgarri bat ere agitzen da: euskal arbasorik ez duen jende hurbildu eta partaide bilakatzen zaigu. Gazteak badauzkagu. Eta horra hor gure erronka. Argentinan estimu handia zaie euskaldunei, baina hori bideratu beharra dago, bideratzen asmatzen ezbadugu gureak jai du, urtzen joango baita. Presencia Vascako asteroko kolaboratzaile den Mikel Ezkerro irakasleak esaten duenez, sentimentua badaukagu, ausartki, orain ezagupenarekin behar dugu jantzi eta azkartu. Eta horretarako Euskal Herriko euskaldunak behar ditugu lankide.