Gernika, Bizkaia. Ehun bat lagun partaide, eta taldeak ohi duen elkartasun giro ederrean egin zen joan den larunbatean Gernikako Zallo Barri jatetxean Euskal Australiar Alkartearen (EAA) urteko bazkari eta elkarretaratze/egunpasa nagusia. Elkarteak antolatzen duen urteroko topaketa honen laugarren edizioa da eta hitzordua finkatua dago dagoeneko euskal-australiar erkidegoan, "guztiek baitakite urtero ekaineko bigarren asteburuan dela, normalean jatetxe honetan", adierazi dio EuskalKultura.eus-i EAAko lehendakari Amaia Urberuagak.
Bilerak balio izan zuen beste behin, komunitatea indartzeko, aspaldi ikusi gabeko lagun zaharrak berriro agurtzeko, beti badago-eta hitzordura batzen den adiskide berririk. Aurten, esaterako, Australiatik etorri ziren Elena eta Iñaki Sesma lekeitiarrak eta Joan eta Pedro Aranas gernikarrak. Baita ere, kasu honetan Madrildik, Australian jaiotako beste euskaldun bat, Javier Urberuaga, aurten agendan lekua egin eta etorri ahal izan baitzuen. "Hori askoz errazagoa da, urteko hitzordua beti data berean baldin bada".
Euskal Australiar Alkarteko batzordekideak. Ezkerritik eskuinera, Josu Arrate, Leire Goirigolzarri, Esther Korta, Tere Gabiola eta Amaia Urberuaga (arg EAA)
Bertaratutakoei ongi etorria euskaraz eta ingelesez emanik —ingelesa franko entzun zen topaketan, euskara eta gaztelaniarekin batera— batzuekin eta besteekin berba egitea egunaren parte garrantzitsua izan zen. Bertan zegoen adin altukoena 93 urteko Alejandro Antxustegi izan zen, Amorotokoa, urteak Australian egindakoa, eta gazteena Markel Arrazua, 11 urtekoa, Tere Gabiolaren loba. Jaurlaritzaren izenean Manu Meaurio teknikaria bertaratu zen, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria Gorka Álvarez Argentinan baitago, eta Udalaren izenean bi zinegotzi.